Inauteriak 2022

Galtxagorrien Jaitsierarekin hasi dira Zarauzko Inauteriak

Julen Imaz 2022ko ots. 26a, 10:00

Gogotsu eman diete hasiera zarauztarrek inauteriei. Jalgi dantza taldekoek antolatutako Galtxagorrien Jaitsierak zabaldu zuen atzo, ostirala, inauterietako egitaraua.

Eguzkia ezkutatzearekin batera, dantzara aterako ziren atzo galtxagorriak, lamiak, jentilak eta sorginak, Mari buru zutela. Hala hasi dute mozorro festa Zarautzen. 

Imanol Urbieta musika eskolatik abiatu zen Galtxagorrien Jaitsiera, Zigordia kaletik San Frantziskora jo zuten, eta Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ondoren, Lege Zaharren enparantzan Akelarrea egin zuten.

Bidelagun izan zituzten Alproja antzerki taldeko hainbat kide, Zarautz Trik taldeko trikitilari eta pandero-jotzaileak, eta Goizeko Ihintza taldeko txistulariak. Zarakatun batukada taldeko hainbat kide ere atera ziren, desfileari perkusioaren bidez indarra emateko asmoz.