Jauzi erraldoia egin du Amenabarrek

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 28a, 11:16
Jokalariak nahiz jokalari ohiak larunbatean, lorpena aldageletan ospatzen. (@AmenabarZarautz)

Larunbateko garaipenarekin, Ohorezko Zilarrezko mailan beste denboraldi bat ziurtatzeaz gain, Asobal ligarako igoera postuetan sartzeko lehian murgilduko da Amenabar datozen hilabeteetan. Aurkari sendoak izango ditu aurrez aurre hamarreko ligaxkan, eta denboraldi hasieran finkatutako helburua uste baino lehenago lortuta, presiorik gabe gozatu ahalko ditu datozen jardunaldiak. 

Pauso garrantzitsua eman zuen joan den larunbatean Amenabar eskubaloi taldeak. Villa de Arandaren aurka 33-30 irabazita, bermatuta dauka Zarauzko taldeak beste denboraldi bat Ohorezko Zilarrezko mailan, eta Asobal ligarako igoera postuetan sartzeko lehian murgilduko da aurki, Zilarrezko mailako beste bederatzi talde onenekin batera. 

Egindako balentria ez da batere erraza izan, Paulo Ostolaza taldeko atezainaren arabera. Larunbateko partida guztiz erabakiorra izan zen, bere eskuetan baitzeukan goiko ligaxkarako sailkapena Amenabarrek. Irabazi edo berdinduz gero, ziurtatuta zeukaten goikro fasera igoera. Galduz gero, berriz, beraien aurkari zuzenen emaitzen araberakoa izango zen ebazpena. Ligako gainontzeko aurkari zuzenek ez zuten hutsik egin, baina Amenabarrek ez zion zoriari aukerarik laga, eta ondo irabazita sartu zen goiko ligan. Lehen zatian sei goleko aldearekin galtzen joan bazen ere, bigarrenean aldea errekuperatzea lortu zuen, eta ikuskizun hark eta harmailetako hauspoak giro paregabea sortu zuten Aritzbatalden. Etxeko jokalariez osatutako taldea horren puntan ikusteak lagundu egiten du "taldearen eta afizioaren arteko lotura estutzen", Ostolazaren arabera, eta larunbatean "oso giro polita" sortu zen. 

Lana eta meritua

Denboraldia hasi zenean inor gutxik uste zuen halako maila emango zuenik taldeak, baja askorekin eta esperientzia gutxidun jokalari gazte askorekin ekin baitzioten sasoiari. Salbazioa zen Amenabarren helburu nagusia, eta aurreko denboraldietan baino aiseago ziurtatu dute. 20 taldek osatzen dute Zilarrezko Ohorezko maila, eta hamarreko ligaxkan laugarren postuan geratu da Zarauzko taldea amaitu berri den fasean. Hala, hurrengo ligaxkako lehiak bere taldeko lehen bost sailkatuen eta beste taldeko lehen bosten artekoak izango dira, eta maiatz amaieran lehen postuetan geratzen direnek Asobal ligarako txartela eskuratuko dute. 

Ez dituzte nolanahiko aurkariak izango zarauztarrek. Bartzelona B, Sagunto, Malaga, Alacant, Eivissa... Aurrez aurre izango dituzten taldeen aldean, amateurrena da Amenabar. Datorrena gogorra izango den arren, pozez gainezka dira mutilak, etxeko lanak ondo baino hobeto egin baitituzte. Martxoaren 12-13 asteburuan ekingo diote fase berriari, Bartzelona Bren aurka etxean jokatuko duten partidarekin. Fase honetan inongo presiorik ez dutela azaldu du Ostolazak, espero zutena baino askoz gehiago egin baitute dagoeneko. Dena den, halako mailadun taldeak Zarautzen jaso ahal izatea "aukera polita" dela uste du, eta "disfrutatzera" joango direla dio; "eta sorpresaren bat edo beste ematen badugu, zoragarri!". Izan ere, goiko ligaxkarako sailkatu diren talde guztiak ia-profesionalak dira, eta horrek harrotzeko motibo gehiago ematen dizkio Zarautzi. "Gu bezalakoak normalean behean geratzen dira", dio Ostolazak. Aurten, ondo irabazita, ez dituzte denboraldiko azken asteak jaitsieraren beldur igaro beharko, eta hori gutxi balitz, amesten jarraitzeko aukera aparta izango dute etxeko jokalariek.