Digitalizazio arloko sei tailer eskainiko ditu UKUEk martxotik aurrera

Juan Luis Romatet 2022ko mar. 2a, 12:30

Ostiral teknologikoak egitasmoari jarraipena emango dio martxoan Urola Kostako Udal Elkarteak. Digitalizazioaren alorrean urratsak emateko eta estrategia digitalak garatzeko prestakuntza eta aholkularitza eskainiko zaie eskualdeko enpresei. 

SPRIren Inplantariak zerbitzuaren barruan emango du UKUEk zerbitzu hau, martxoan hasi eta urrira bitartean. Guztira, sei prestakuntza tailern eskainiko ditu, aurrez aurre, UKUEk Zarautzen duen egoitzan. Lan saio bakoitzak hiru orduko iraupena izango du, eta 9:30etik 12:30era bitartean emango da. 

Sei saio hauek eskainiko dira:

  • Martxoaren 25ean, Faktura bai.
  • Apirilaren 29an, Enpresa posizionatua.
  • Maiatzaren 20an, Online salmenta.
  • Ekainaren 17a, Enpresa poltsikoan.
  • Irailaren 16an, Enpresa digital eta jasangarria.
  • Urriaren 21a, Enpresa segurua.

Programa honetan autonomoek eta ekintzaileek har dezakete parte, baita merkataritza eta ostalaritza sektorekoak ez diren hamar langile baino gutxiagoko mikroenpresek ere. Industria jardueren kasuan, 25 langile baino gutxiagoko enpresek ere parte hartu ahal izango dute.

Eskaintzen diren sei saioetatik, gutxienez, hiru saiotan izena eman eta parte hartu beharko da. Interesdun bakoitzak aukeratuko du zein saiotan parte hartuko nahiko duen. "Tailerretan parte hartu ondoren, eskatzaile guztiek banakako aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko aukera izango dute teknologien erabilera adimentsuan urratsak eman ditzaten. Horretarako, eskura izango dituzte Udal Elkarteko instalazioak aurrez eskaera eginda", azaldu dute programaren sustatzaileek.

Izenak Urola Kostako Udal Elkartean emango dira (943-890 808 / enpresa@urolakosta.eus). Aukeratutako saioak adieraztearekin batera, enpresaren izena, harremanetarako pertsonaren izen abizenak, harremanetarako posta elektroniko helbidea, eta telefono zenbakia adierazi beharko dira.