Sakelakoak, gure aukera

Elena Marguello 2022ko mar. 3a, 13:00
Eserita, ezkerretik hasita: Julia Laborra, miren Ros eta Asier Urzelai. Zutik, Amaia Elortza eta Ainhoa Agirreazaldegi. (Elena Marguello)

Sakelakoek haurrengan eta nerabeengan duten eragina ikusita, Zarauzko Ikastolako guraso batzuk elkartu eta Gure aukera, guk 16 taldea sortu dute. 

Zarauzko Ikastolako guraso eskola batean sakelakoaren eta teknologiaren erabileraren inguruan sortu zen "kezka" batetik abiatuta eta "zerbait egiteko beharra" ikusita sortu zuten Gure aukera, guk 16 taldea. Bertako kide dira Ainhoa Agirreazaldegi, Miren Ros eta Julia Laborra Zarauzko bizilagunak. "16 urte adin egokia iruditzen zaigu gazteei lehenengo sakelakoa emateko, eta horregatik jarri genion izen hori taldeari", azaldu du Rosek.

Agirreazaldegik esan du sakelako telefonoa edukitzeko adina "azkar" jaisten ari zela konturatu zirela, eta horren arrazoia seme-alabak bakarrik ez egotea zela. Beraiei, ordea, ez zitzaien pisuzko arrazoia iruditu seme-alabei lehenengo sakelakoa oparitzeko. Guraso batzuek haurrak kalera irteten hasten direnean etxeratzeko ordua adosten duten bezala, Gure aukera, guk 16 taldeko kideek "argi" zuten taldean "indartsuago" izango zirela gai honi dagokionez ere. Laborrak aitortu du sakelakoak haur eta nerabeengan sor dezakeen menpekotasunaren "beldur" zirela, "helduok zer menpekotasun dugun ikusita".

Hitzaldiak eta kafe-tertuliak egin izan dituzte, eta Gabon garaian bizpahiru bideo ere kaleratu izan ohi dituzte. Hala, gaia geroz eta "zabalduago" dagoela uste dute. Rosi, profesioz, gaiaren inguruko hitzaldiak ematea tokatzen zaio batzuetan, eta azaldu du 50 ikastetxe baino gehiagotan izan dela gaiaren inguruko hitzaldiak ematen. Usurbil, Tolosa, Durango nahiz Pasaian gaiarekiko interesa duten gurasoen taldeak ere ari dira sortzen.

Gure aukera, guk 16 taldeak bi lan lerro ditu. Alde batetik, kontzientziazioarena, eta bestetik, akordioena. Rosek azaldu du 16 urteko adin mugak gaur egun "utopia" ematen duela, eta horregatik helburu "errealistagoak" jartzen saiatzen direla. 2019an Lehen Hezkuntzako 6. mailan zeuden ikasleen gurasoengana jo zutenean, ikasturte hartan seme-alabei mugikorrak ez erostearen alde agertuko al ziren galdetu zieten, eta horrela ekin zioten talde hartako akordio sistemari. "Haurrei sakelakoak ematea urtez urte atzeratzea proposatzen dugu guk, eta bitartean, gurasoak nola sentitzen diren eta etxean presiorik ba ote duten ikusten joaten gara", azaldu du Rosek.

Batzearen indarra


Taldearen ideia "sinplea" bada ere, guraso batzuk paktu edo konpromiso bezalako hitzekin "deseroso" sentitzen direla ere aitortu dute Gure aukera, guk 16koek. Hala ere, sakelakoak dituzten seme-alaben gurasoekin egotea eta testigantzak jasotzea naiz haietatik ikastea "oso garrantzitsua" dela azpimarratu dute.

Haurrak helduen ispilu dira, eta horregatik, helduen sakelakoaren erabilera okerrak edo hobetu beharrekoak zein ziren jakitea oso garrantzitsua ikusten zuten taldekideek. "Gogoeta handia egin genuen, eta nahiz eta denok ez ditugun pauta guztiak berdin jarraitzen, pauta guztiek eman digute denoi zer pentsatua", esan du Agirreazaldegik. Zalantzak dituen edonori talde indarrak asko laguntzen diola nabarmendu dute. "Taldea ez dugu sortu inor epaitzeko, elkar laguntzeko baizik", gehitu du Agirreazaldegik. Hirukotearen ustez, sakelakoak badu ezaugarri garrantzitsu bat: toki guztietara eramateko aukera. Rosek esan du "askotan" galdetzen diotela ordenagailuaren eta eskuko telefonoaren arteko desberdintasunaz, eta berak argi du: "Sakelakoa kalera atera daiteke, eta ezaugarri horrek harremanak asko mugatzen ditu".

Sakelakoak gai asko ukitzen dituela aztertu dute Gure aukera, guk 16 taldeko kideek, hala nola eskola-jazarpena, bazterketak eta sextinga. "Ez gara jabetzen horrelako kasu bat gertu tokatu arte, baina gertatzen dira", azaldu du Agirreazaldegik. 

Sakelakoen eta ordenagailuen erabilerak mugak behar dituztela sinesten dute taldeko kideek. "Guraso bezala guk jarri behar ditugu mugak, haurrek eta gazteek beren kabuz ez baitituzte jarriko", azpimarratu du Rosek. Haren ustez, heziketa da bide horretan lagunduko duena, nahiz eta batzuek kontrolerako aplikazioak erabiltzen dituzten. 

Gure aukera, guk 16ko kideek diotenez, guraso askok sakelakoa oparitzearen unea "ahal den gehiena" luzatzea gomendatzen dute; izan ere, behin sakelakoa oparitu eta gero, ordutegiak eta arauak jarri behar baitira. "Askok esan digute sakelakoa eman aurreko uneak gatazkatsuak direla, baina ondorengo gatazkak gogorragoak direla", azpimarratu du Agirreazaldegik. Taldekideek garbi dute zertarako sortu diren sakelakoak: menpekotasuna ezin da frenatu.