Aner Peritzek parte hartuko du Erniarraitz Bertso Sariketaren XI. edizioan

Anartz Izagirre 2022ko mar. 4a, 08:30

Artxiboko irudian, Erniarraitz sariketako saio bat.

Zarauztar gazteak hirugarren kanporaketan abestuko du, martxoaren 20an, Azkoitiko Kultur Etxean. Igande honetan hasiko da txapelketa, hemezortzi lehiakiderekin.

Badator beste urtez batez Azpeitiko Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatzen duen Erniarraitz Bertso Sariketa. Aurten hamaikagarren edizioa izango da, eta martxoko lehen hiru igandeetan jokatuko dira hiru kanporaketak; finala, berriz, martxoaren 25ean, ostirala, izango da Azpeitiko Gaztetxean.

Guztira hemezortzi bertsolari ariko dira txapelaren bila, horietatik bat Aner Peritz, Euzkitze zarauztarra. Kanporaketa bakoitzeko irabazlea finalera sailkatuko da; gainerako hiru finalistak, berriz, kanporaketetan puntuaziorik altuena lortu duten bertsolariak izango dira. Kanporaketa guztiak 17:00etan izango dira, eta finala 22:00etan. Bost euro balioko du saioetarako txartel bakoitzak, eta egunean bertan jarriko dituzte salgai horiek.

Lehen kanporaketa Errezilgo Borondegi aretoan izango da, igande honetan. Sei bertsolari ariko dira kantuan saio horretan, finalera sailkatzeko lehian: Urko Arregi, Ekhiñe Zapiain, Irati Alcantarilla, Txaber Altube, Unai Mendiburu eta Iker Letamendia.

Bigarren kanporaketa, berriz, Zestoako Kultur Etxean izango da, eta honako bertsolariek parte hartuko dute: Aimar Sorazu, Aitor Tatiegi, Oihana Arana, Naia Arrizabalaga, Imanol Albizu eta Garazi Navarro.

Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, Azkoitiko Kultur Etxean izango da, eta honako bertsolariek parte hartuko dute Aner Euzkitzerekin batera: Maider Garmendiak, Bittor Altubek, Julene Iturbek, Paule Loizagak eta Oier Etxeberriak.

Aurreko edizioa, hamargarrena, 2020. urtean egin zen, eta orduko hartan Xabat Illarregik jantzi zuen txapela.