Udalak behin-behineko onespena eman dio balkoiak eraikitzeko erraztasunak emateko ordenantzaren aldaketari

Elena Marguello 2022ko mar. 4a, 10:14

Aldaketa horrek baimendu egingo du eraikitzekoak diren nahiz eraikitako etxebizitzei balkoi, terraza edo hegal irekiak eraikitzea; eraikita daudenen kasuan, zehaztu egingo dute zer tamainatakoak handitu ahalko diren. Horrez gain, eraikitzen diren balkoien eta terrazen azalerak ez dira konputagarriak izango.

Udalak hasierako onespena eman dio otsaileko ohiko bilkuran Udaleko Hirigintza eta Ingurumen departamentuek sustatutako Zarauzko Hiri Antolamenduren Plan Orokorraren aldaketari, bizitegi-erabilerako eraikinetan balkoiak eta terrazak eraikitzeko erraztasunak emateko.

Araudiaren aldaketa horrek baimendu egingo du eraikitzear diren nahiz jada eraikita dauden etxebizitzei balkoi, terraza edo hegal irekiak eraikitzea. Eraikita dauden etxebizitzen kasuan, eta horiek balkoia baldin badute, zehaztu egingo dute zer tamainatakoak handitu ahalko diren. 

Udalak azaldu duenez, eraikitzen diren balkoien eta terrazen azalerak ez dira konputagarriak izango.

Proposamenak, EAJ, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeen babesa jaso du. Podemos Equo-Berdeak taldea, berriz, abstenitu egin da.

Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, pandemiaren ondorioz sortutako konfinamenduak "begi bistan" utzi du balkoien eta terrazen "berebiziko garrantzia". Pandemiaz geroztik, gai horren inguruko "hainbat eskaera" izan dituztela esan du herriko alkateak, eta aldaketa berri horrek "berebiziko garrantzia" duela "herritarren ongizaterako".

Hasierako onespen testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den momentuan, alegazio fasea irekiko da, eta horren ondoren emango zaio behin betiko onespena testu berriari.

2016. urtean, esparru horretan aurrerapausoak eman ziren Babes Ofizialeko Etxebizitzetako eta Etxebizitza Tasatuetako balkoien eta terrazen azalera konputagarria izan ez zedin, horrela elementu horien gehikuntza sustatzeko.