2022ko Martxoaren 8a

Leire Makazaga: "Emakume langileon egoera okerrera doala ikusten dugu, eta horri aurre egitea beharrezkoa da"

Elena Marguello 2022ko mar. 4a, 13:39
Leire Makazaga. (Elena Margüello)

Urola Kostako Itaiako kidea da Leire Makazaga (Zarautz, 1996). Martxoaren 8aren harira antolatu duten egitarauaren inguruan eta emakume langileen baldintzez aritu da hedabide hau.

Martxoaren 8aren harira, egitaraua antolatu duzue herrian aurtengoan. Zer garrantzia du egun honen bueltan ekimenak antolatzeak?

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean mobilizatzea erabaki dugun arren, martxoaren 8an kalera ateratzetik harago, eguneroko lanari garrantzia eman nahi izan diogu. Izan ere, azken urteetan egun honek izaera despolitizatua hartu duela eta horri aurre egin behar diogula uste dugu. Egunari bere zentzua itzuli eta emakume langileon askapena lortzeko bidean ekarpena egingo duen data bihurtu behar dugu martxoaren 8a. Hori ez da mirariz gertatuko, ordea. Horregatik antolatu ditugu ekimen desberdinak Itaiatik, jende gehiagorengana iristeko bitartekoak sortzeko.

Plazaratu zenuten egitarauaren baita, zer egin duzue gaur arte?

Bilera irekiak, Emakume Langileon Eskolako saio bat nahiz lan-egunak egin ditugu orain arte. Bilera irekien eta lan-egunen helburua jendeari gure asmoak azaldu eta antolakuntzara batzeko aukera ematea da. Bere aldetik, Emakume Langileon Eskola ikasturte osoan zehar martxan daukagun lan-lerroa da. Bertan, eskualdeko emakumeok elkartzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko saioak antolatzen ditugu. Otsailaren 13an egin genuen saioan, esaterako, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izan genuen hizpide.

Gaur martxoaren 8ko mobilizazioaren inguruan aurkezpena egingo duzue Gaztelekuan. Zer azalduko da bertan?

Martxoaren 8an mobilizatzeko arrazoiak zein diren aipatu eta gure mobilizazioaren zentzua azalduko dugu aurkezpenean. Azken urteetan festa kutsua hartu badu ere, martxoaren 8a ez dela ospatzeko egun bat eta desitxuraketa horri buelta eman behar zaiola azpimarratuko dugu. Emakume langileon egoera okerrera doala ikusten dugu, eta horri aurre egitea beharrezkoa da. Antolakuntza politikoaren garrantzia azpimarratzeko egunak dira guretzat hauek, eta hori landuko dugu aurkezpenean.

Emakume langileen egoera okerrera doala diozu.

Emakume langileon bizi-baldintzen okertzea esparru askotan nabaritzen da: lan-baldintza negargarriak ditugu; kasu askotan, senarrarekiko edo familiako beste kideren batekiko menpekotasun ekonomikoan bizi gara; zaintza-lanak eta etxeko lanak emakume langileon gain jarraitzen dute, eta, gainera, Administrazio Publikoek gero eta zerbitzu gutxiago bermatzen dituzte gero eta baldintza okerragoetan; emakumearen irudia gero eta hipersexualizatuago dago; indarkeria matxistak gora egiten du, eta bereziki gazteen artean...

Agian baieztapen potoloak dirudite, baina urrutira joan beharrik ez dago hori guztia ikusteko. Gure eskualdean ere nabarmenak dira bizi-baldintzen okertzea erakusten duten adibideak. Esaterako, erresidentzietako langileek urteak daramatzate borrokan, Aldundiari beraien lan-baldintzak hobetzeko eskatu izan diote eta ez dute hobekuntzarik lortzen. Bestalde, azken urtean, ikaragarria ari da izaten salatutako eraso matxisten kopurua.

Zein da Itaiaren proposamena egoera horren aurrean?

Garrantzitsua iruditzen zaigu gaurko aurkezpenean egoera honi irtenbidea emateko gure proposamen politikoa zein den azaltzea. Gure ustez, emakumearen zapalkuntzak ez du irtenbiderik izango sistema kapitalistan, sistema bera baita zapalkuntza betikotzen duena, interes ekonomiko zein politikoak bermatzen dizkiolako. Sistema kapitalista bere osotasunean borrokatzeko, ezinbestekoa da emakume langileok gure interesak lehen lerroan jartzea, eta, horretarako, ideologia burgesaren eraginetik at antolatzea.

Feminismoa aurpegi-zuriketarako tresna gisa baliatzen da, eta hori ez da kasualitatea; horretaz jabetuta behar genuke dagoeneko. Ideologia burgesari interesatzen zaio emakume langileok aldarri partzial horietan jartzea gure esperantza guztiak: berdintasun formalean. Gure iritziz, ordea, aitortza formal horretatik at, emakume langileon bizi-baldintzak errealki hobetuko dituen programa baten alde egin behar dugu lan emakume langileok.

Bihar, berriz, infogunea jarriko duzue Udaletxeko plazan. Zer eskainiko duzue?

Udaletxeko plazan egongo gara martxoaren 8an mobilizatzeko arrazoiak jendeari azaltzeko eta gure kontzentrazioaren berri emateko. Kaleak jendearekin aurrez-aurreko lana egiteko aukera ematen du, eta hori oso positiboa da. Eskualdean lan ideologikoa egitea da gure helburua, eta horretarako forma desberdinak bilatu behar ditugu. Jendearekin modu pertsonalean lan egiteaz gain, beharrezkoa iruditzen zaigu sozialismoaren aldeko aldarria kalera ateratzea.

Martxoaren 8rako, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna dela-eta, mobilizazioa deitu duzue. Zer garrantzia du egun honetan mobilizatzeak?

Egun seinalatuak oso garrantzitsuak dira, kalera atera eta aldarri baten pean jendea batzeko aukera ematen dutelako. Egun horretako mobilizazioaren helburua ez da ordu erdiko indar-erakustaldia egitea eta etxera gustura joatea. Guretzat, garrantzitsua izango da egunaren zentzua azpimarratzea. Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna borroka-eguna dela aldarrikatzea, eta borroka hori zein norabidetan egin behar den mahai gainean jartzea.

Itaiatik, emakumeon zapalkuntzari aurre egiteko, esplotazio eta zapalkuntzek tokirik izango ez duten gizarte-eredua eraiki behar dugula uste dugu: sozialismoa. Horretarako bidean, zapalkuntza forma ezberdinen aurka antolatu eta borrokatu beharko dugu, baina iparra beti garbi izanda: ematen dugun urrats bakoitzak langileriaren boterea indartu behar du, botere burgesari aurre egiteko. Hori da martxoaren 8an aldarrikatuko duguna.

Urola Kostako Itaiak, data zehatz batzuetan ez ezik, urte osoan jarduten du lanean. Zein dira herrian antzematen dituzuen beharrak?

Beharrak asko dira, eta guk ditugun gaitasunen arabera soilik erantzun diezaiekegu. Horregatik da horren garrantzitsua guretzat gaitasunak eskuratzen joatea eta jendeari antolakuntzara batzeko deia egitea, horrek soilik ahalbidetu dezakeelako emakume langileon egoera hobetzea. Eskualdeko taldeon zeregina emakume langileok antolakuntza politikora batzeko bitartekoak sortzea da. Bizi ditugun zapalkuntzak seinalatu eta borrokatzea dagokigu, baina, betiere zapalkuntza horiek egungo sistema kapitalistan betetzen duten funtzioa agerian utziz.