Gipuzkoa kalea noranzko bakarrekoa izango da Kasino kalearen eta Udaltzaingoaren egoitzaren arteko zatian

Onintza Lete Arrieta 2022ko mar. 6a, 09:09

Noranzko bakarreko bihurtuko den errepide zatia (Zarauzko Udala).

Pintaketa lanak eta seinale aldaketak aste hasieran egingo dituzte, eta aldaketarekin 20 ibilgailurentzako aparkalekuak sortuko dira.

Tren geltoki berriaren obrak direla eta, lanak egiten ari dira Gaztainpe parkearen inguruan, eta udalak hori baliatuko du  Gipuzkoa kaleko zati batean aldaketak egiteko. Hain zuzen, ibilgailuentzat noranzko bakarrekoa izango da Kasino kalearen eta Udaltzaingoaren eraikinaren arteko zatia.

Pintaketa eta inguruko seinaleak aste hasieran aldatuko dituzte.

Horrez gain, 20 ibilgailurentzako aparkalekuak sortuko dira, "eremu horretako aparkaleku arazoak arintzeko".

Aldaketa egindakoan, Gipuzkoa kaleko azken zatitik, hau da, Seitximeneta kaletik edo Manzisidor kaletik datozen ibilgailuek Gaztainpe kalean egingo dute bira, eta Lapurdi kalera joango dira, hortik Zarautz ekialderantz jarraitzeko.

Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruan

Udalak azaldu du zirkulazio aldaketa hori udala lantzen ari den Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planak jasoko dituen ildo nagusien ondorioa dela. "Ekintza hori aurreratu egin da, Gaztainpe parkeko obrengatik behin-behinean galduko diren aparkaleku-plazei erantzun azkar eta eraginkorra emateko".

Udalak esan du helburua dela herri erdian "ibilgailuen, bizikleten eta oinezkoen arteko elkarbizitza hobetzea". Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, aldaketa horrekin "hiri mugikortasunari dagokionez hobetzen jarraitzen dugu, bide segurtasuna areagotzea lortuko dugu, ibilgailuen zirkulazioaren abiadura motelduko delako eta etorkizunean gure herriak izan behar duenera urratsak ematen ari garelako".

Azkenik, udalak esan du frogatuta dituela aldaketa mota horren abantailak, "Lapurdi kalean eta Herrikosoro kalean egindako aldaketekin ikusi den bezala".