Urrak irabazi du Urrezko Harri-jasotze Txapelketa gaur Azpeitian

Julene Frantzesena 2022ko mar. 6a, 20:34

Xabat Olaizola eta Lierni Osa ere lehiatu dira gaur eguerdian Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan izan den herri-kirol txapelketan.

Ezustekorik ez da izan gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Egur Sportek antolatutako herri kirol txapelketen finaletan, eta txapeletako bat Zarautzera etorri da, Mikel Lopetegi Urra-k irabazi baitu Urrezko Harri-jasotze Txapelketa. Bestalde, Julen Alberdi, Txikia V.a azkoitiarrak eta Suharri Rodriguezek irabazi dute Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketa, Nerea Sorondok eta Nerea Arrutik Emakumeen Binakako Aizkolari Txapelketa, eta Karmele Gisasola, Zelai III.ak Emakumeen Harri-jasotze Txapelketa. Gazteen mailako Emakumeen Harri-jasotze Txapelketa, berriz, Udane Ostolaza oriotarrak irabazi du.

Horrenbestez, eskualdean gelditu dira txapeletako hiru. Eguerdian jokatu dira finalak, 12:00etan hasita, eta harmailetan dozenaka zale zirela. Kirolariek ez dute hutsik egin; izan ere, lehia ederra osatu dute.

Urraz gain, beste bi zarauztar lehiatu dira: Xabat Olaizola Urrezko Harri-jasotze Txapelketan, eta Lierni Osa, Emakumeen Harri-jasotze Txapelketan.

Hainbat txapelketa elkarren jarraian

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan lau bikote aritu dira nor baino nor. Hainbat enbor ebaki behar izan dituzte kirolariek, eta denborarik onena Txikia V.ak eta Suharri Rodriguezek lortu dute, lanak 25 minutu eta 55 segundotan gauzatuta. Bigarren sailkatu dira Ugaitz Mugertza, Mugertza II.a eta Julen Gabirondo, lanak 27 minutu eta 6 segundotan bukatuta, eta hirugarren, berriz, Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegia izan dira (28:07). Laugarren postuan Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia, Basozabal izan dira, lanak egiteko 30 minutu eta 56 segundo behar izan baitituzte.

Emakumeen Txapelketan bi bikote aritu dira nor baino nor: Nerea Sorondok eta Nerea Arrutik Laiene Pikabea eta Irati Astondoa izan dituzte aurrez aurre. Bi lan egin behar izan ditu bikote bakoitzak, eta horiek bukatzen aurrenak Sorondo eta Arruti izan dira; 11 minutu eta 40 segundo behar izan dituzte. Pikabeak eta Astondoak, ostera, 13 minutu eta 04 segundotan bukatu dituzte lanok.

Hirugarren final bat ere jokatu dute gaur Azpeitian. Hain zuzen ere, Urrezko Harri-jasotze Txapelketako finala ere izan da. Mikel Lopetegi, Urra, Beñat Telleria eta Xabat Olaizola lehiatu dira, eta lan guztiak eginda, Urra gailendu da. Zarauztarrak 77 jasoaldi egin dizkie zilindro zaharrari, kubikoari eta bolari. Telleriak, berriz, 68 altxaldi egin ditu, eta Olaizola zarauztarrak, 63.

Bestalde, eta herri kirol jaialdia borobiltzeko, Emakumeen Harri-jasotze Txapelketako finala jokatu dute sei kirolarik, hiru mailatan banatuta. Maila nagusiko finala Zelai III.ak irabazi du, indarrak Lucia Orberen kontra neurtuta; 61 eta 56 jasoaldi egin dituzte bi kirolari horiek, hurrenez hurren. Berrien mailan, berriz, Lur Errekondo nagusitu da, eta Lierni Osa zarauztarra izan da azpitxapelduna; horiek 66 eta 56 jasoaldi egin dizkiete harriei.

Azkenik, gazteen mailako finala izan da, eta Udane Ostolaza aise gailendu zaio Aroa Sanchezi; 56 eta 48 altxaldi egin dituzte bi oriotarrek.

(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)