Aritz Aranburu: "80 urterekin ere surfean jarraituko dut, ahal badut"

Aitor Manterola - Berria 2022ko mar. 7a, 09:34

Argazkia: Gorka Ezkurdia

Bizitzaren itsasoaren erdigunean surfak egon behar zuela erabaki zuen behin. Ametsaren atzetik abiatu zen, olatu baten bila bezala. Bete du, baina, ametsen atzetik ibiltzea gustatzen zaionez, erronka gehiago ditu. Berria egunkarian egin diote elkarrizketa.

Elkarrizketa aurrez aurre egin nahi kazetariak, baina ezin Aritz Aranburuk (Zarautz, Gipuzkoa, 1985). Bilera bat Frantzian, eta, aukera baliatuz, surfeko tramankuluak hartu eta olatuetara ere bazihoala. «Ez dakit noiz itzuliko naizen», esanez amaitu zuen telefono bidezko solasaldia: «Bizitza edukiz betetzea ere bada, eta asko gustatzen zait lekuz leku ibiltzea. Askatasuna ematen dit egun ezberdinak bizitzeko». Egun horietako bat Punta Galeako txapelketan bizi izan zuen, otsailaren 22an.

Bigarren izan zinen proba ezagun horretan. Irabazi ez izanaren penaz?

Gustura egindakoarekin. Egun polita bizi izan genuen lagunen artean, nazioarteko surflariekin. Portugaldik iritsi berria nintzen, garaipen batekin. Erritmo politean ibili nintzen, olatu pila bat hartu nituen, eta, azkenean, Natxok [Gonzalez] ondo merezita irabazi zuen.

Hain olatu handien artean, beldurrik ez al duzu pasatzen?

Umetatik ikasi dugu itsasoari errespetua eduki behar zaiola. Hark du azkeneko hitza beti. Punta Galean, zenbaitetan, olatu handi batzuk gainera erori zitzaizkigun, eta buruz ondo prestatuta egon behar da halakoei aurre egiteko. Baina, beste alde batetik, adrenalina hori ere behar dugu, gure lana baita. Une on horiek bizitzeko, egoera txar batzuk ere pasatu behar izaten dira. Badakigu arriskuak daudela, baina muga horretan bizitzeak bizipoza ematen digu. Hala ere, beti egon behar da adi, itsasoak zure mugak gaindi ditzake eta.

Horrek lagundu egiten al dizu gero hobeto lehiatzen?

Bizi ibili behar da denbora guztian, olatu bat pasatzen uztea eta atzekoak gu jatea gerta daitekeelako, adibidez. Joko polita da azkenean. Lehia gustatzen zaigunontzat gauza ederra da.

Oso lehiakorra izatea da zure bereizgarrietako bat.

Lehiaketek zentzua dute norbere maila erakusteko. Umetatik gustatu izan zait helburuak jarri eta txapelketetara joatea. Hobetzeko aukera ematen du, eta ez surferako bakarrik. Atzera ez egitea, erronkak gainditzea: hori da lehia, eta oso aberasgarria da. Bizitzarako ere balio du.

Elkarrizketa osorik irakurri daiteke Berria.eus atarian.