Auzoa koloreztatzeko eguna antolatu dute Azken Portun

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 7a, 10:35

Azken Portuko Jai Batzordeak herri bazkaria antolatu du martxoaren 26rakoa, Putzuzulo gaztetxean.

Auzoa umorez eta kolorez betetzeko momentua iritsi da. Halaxe iragarri zuen Azken Portuko Jai Batzordeak duela ia hilabete bere sare sozialetan. Orain, mezu berri baten bidez, auzoa koloreztatzeko eguna antolatuko dutela hilaren 26rako jakinarazi du. Herri bazkaria egingo dute Putzuzulo gaztetxean, atzerriko gastronomia lehiaketa bidez.

12:30an elkartuko dira taldeak Putzuzulon hasiko dira bazkaria prestatzen. Taldeek aurrez eman beharko dute izena Toki Ona tabernan edo azkenportua@gmail.com posta elektronikoan. Talde bakoitzak eraman beharko ditu gasa eta bazkaria egiteko beharrezko tresnak.

Epaimahaikideak bazkalostean ariko diren Ane Lindane eta Ñako bakarrizketariak izango dira. Bi hauek 17:00etatik aurrera eskainiko dute beraien emanaldia. Edukiera mugatua izango du, eta bazkarikoek izango dute lehentasuna.

Arratsaldean, berriz, 19:30ean hasita, erromeria ibiltaria egingo dute denek elkarrekin auzoan barrena, Fan&Go musika taldeak girotuta.