'Gu gabe ere' poema liburuan oinarritutako errezitaldia, Garoan

Elena Marguello 2022ko mar. 9a, 11:15

Itziar Ugarte. (Wikipedia)

Martxoaren 17an egingo dute errezitaldia, 19:00etan hasita. Itziar Ugarte Gu gabe ere liburuaren idazlea eta Ane Garcia Lopez arituko dira bertan.

Hurrengo astean, martxoaren 17an, egingo dute Gu gabe ere poema liburuan oinarritutako errezitaldia Garoa liburu-dendan, 19:00etan hasita. Liburuaren idazle den Itziar Ugartek, eta Ane Garcia Lopezek hartuko dute parte errezitaldian.

Idazlea eta kazetaria da Ugarte, eta pasa den urteko azaroan kaleratu zuen bere lehenengo liburua: Gu gabe ere. Bizitzea suertatu zaion aroa ulertzeko nahia eta utzi nahi lukeen arrastoaren gogoeta egiten ditu liburuan. Idazleak Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan adierazi zuenez, "jendeak, momentuko erabakiek eta giroek egiten dituzte garaiak, eta ez da bakarrik gauzak horrela zirela, baizik eta baldintza handiagoek ere egin zutela gauzak hala izatea; eta, beraz, eraikuntza bat bada, horrek aukera uzten du gauzak aldatzeko ere". Dena irabazteko izan eta dena galtzeko beldurra sentitzean igarotzen den momentua jasotzen du Itziar Ugartek poema liburu honetan.