Bertso-sorta: 'Garaian garaikoa'

Elena Marguello 2022ko mar. 9a, 12:00

Inaxio Uria Isasti zarauztarrak bertso sorta berria igorri du Zarauzkohitza.eus-era, Iparragirre abila dela doinuan abesteko.

 -1-
Ni jaio eta berehalaxe
nirekin bat eginikan
zure babesa sentitzen nuen
une oro gogotikan
Ama ez zegonean
zu nirekin ohean
Zintzoki betidanikan
Lagungarria izan zinela
nik ez dut zalantzarikan (bis)

-2-
Nerabezaroan etengabe
izan zindudan aldean
nire ametsak partekatuaz
Ohikoa edadean!!
Alai eta baikorrak
Etsipentsu, gogorrak
aldizkatuz normalean
Dena hutsala gertatuko zen
zure laguntzik ezean (bis)

-3-
Gazte garaian ibiltzen nintzen
sarri zugandik ihesi
lagunarteko parrandatxoak
nonbait zutenez merezi
Goizaldean etxera
argiakin batera
Eta zu zai. Ezin etsi!!
Gozotasunez hartzen ninduzun
hori behar dut berretsi (bis)

-4-
Gaur zahartzaroan nire bizitza
apala eta xaloa
Ta zu nigandik aparte zaude
Nabaria da zuloa
Lehen oparoa zena
murriztu da. Ze pena!!
Hori dut errezeloa
Argi ta garbi esango dizut
Beharrezko zaitut, loa!! (bis)