Udaberri Astea ospatuko dute bihartik aurrera

Elena Marguello 2022ko mar. 15a, 09:00
2019ko Udaberri Asteko omenaldia.

Argazki eta billar txapelketak, Zarauztik Getariara irteera, karta jokoak, toka eta igela, urteko ohiko batzarra eta gehiago antolatu dituzte hilaren 25era bitartean Udaberri jubilatuen elkartekoek.

Bueltan da Udaberri jubilatuen elkarteak antolatzen duen Udaberri Astea. Bi urtez osasun egoera bereziagatik ohiko egitaraua antolatu gabe egon ostean, “normalitatea martxan jartzea” nahi dute Mikel Arregi elkarteko lehendakariaren hitzetan, horregatik hainbat ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako. Argazki eta billar txapelketak, bazkideen urteko ohiko batzarra eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte udaberrikoek. Hala ere, ez dira “ausartu” duela bi urtera arte ohikoa zen bazkaria egitarauan sartzera: “zuhurtziaz jokatu nahi dugu”, aitortu du Arregik.    

Asteazkenean emango diote hasiera Udaberri Asteari bazkideen urteko ohiko batzarrarekin; 18:00etatik aurrera egingo dute Modelo aretoan. Egun berberean ekingo diote III. Argazki Txapelketari ere. Parte hartzaileek, hilaren 31ra bitartean, norberaren ustetan, herrian bitxiak diren parajeei, txokoei, elementuei, eraikinei, pertsonaiei, zuhaitzei edota apaingarriei atera ahalko dizkiete argazkiak. Txapelketaren inguruko informazio gehiago lortu daiteke Udaberriko webgunean.    

Hilaren 17tik 24ra bitartean, Mollari billar txapelketa jokatuko dute parte hartzera animatzen direnek. Bestalde, hilaren 21ean, Zarauztik Getariarako Santiago bidea egingo dute 09:30ean Udaberriko sarrera nagusitik abiatuta. Ibilbidean zehar Santa Barbara ermita ikusi eta bere historia ezagutuko dituzte. Irteera honetan parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du aurrez Udaberriko bulegoan edota udaberrizarautz@gmail.com helbidera idatzita. Arratsaldean, berriz, bingo berezia jokatuko dute Udaberri eraikineko lehenengo solairuan, 18:00etatik 20:00etara bitartean.    

Toka eta igela jokoarentzat tartea ere hartuko dute. Martxoaren 22an, asteartean, frontoi txikian edota Udaberriko terrazan jokatuko dute, 10:30ean hasita. Jokoa ez bada amaitzen, hurrengo egunean jarraituko dute ordu berberean hasita. Hilaren 23an, 16:00etan hasita, karta jokoak izango dituzte Udaberriko lehenengo solairuan. Ekintza hauetan parte hartu nahi dutenek izena emango beharko dute aurrez.     Martxoaren 17an eta 24an, Udaberri jubilatuen elkarteko historia elkarrekin idazteko saioak egingo dituzte eraikineko lehenengo solairuan, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Elkartea sortu zeneko dokumentuak eskuratu dituzte udaberriko kideek, 1980-1984 urte bitartekoak, eta oraingo bi saioetan Udaberrin bizirik dagoen historia idazteko ahalegina egingo dute bertaratzen diren guztien artean.    

Udaberri abesbatzarekin eta sarien banaketarekin emango diote amaiera aurtengo egitarauari martxoaren 25ean. Udaberri tabernan egingo dute amaiera ekitaldia, 10:30etatik 12:00tara bitartean.