Luizien kontrako babes sare berria jarriko du aldundiak Getaria-Zarautz artean, N-634 errepideko zati batean

Onintza Lete Arrieta 2022ko mar. 16a, 09:50

N-634 errepideko 24,420 eta 24,550 kilometro puntuen artean jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak babes sarea, batez beste 60 metroko altueran, labarraren gailurraren eta landarez estalitako ezponda zabalenaren artean. Atzo onartu zuen proiektua Diputatuen Kontseiluak. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak ia milioi bat euro bideratuko ditu Getaria-Zarautz artean luizien kontrako babesak jartzera; zehazki, 943.000 euro. Bide Azpiegituretako departamentuak onartu du proiektua atzoko Diputatuen Kontseiluan. Hala, N-634 errepideko 24,420 eta 24,550 kilometro puntuen artean babes sare bat jarriko dute, batez beste 60 metroko altueran, labarraren gailurraren eta landarez estalitako ezponda zabalenaren artean.

Horrez gain, euste-horma 13 metro luzatuko dute, mendi hegalaren oinean areka bat jartzeko, bloke harritsuak biltzeko; eta hormaren gainaldean bost metroko altuerako pantaila dinamiko bat jarriko dute.

Proiektu berriak eragotziko du blokeak ez iristea energia handiz euste-hormaren gainaldean kokatutako pantaila dinamikora, eta, erorketa bat gertatuz gero, egonkortze neurriak eraginkorrak izatea. “Esku hartze honekin, nabarmen hobetuko da errepide zati horretako erabiltzaileen segurtasuna”, azpimarratu du Eider Mendoza aldundiaren bozeramaileak.

Aurrez aldundiak eremu horretan zer lan eginak dituen ere azaldu du Mendozak: “2003an bi tunel artifizial egin ziren; ondoren, 2005ean, inpaktu energia handi baterako diseinatutako babeserako pantaila dinamiko bat jarri zen. Egonkortze neurriak eraginkorrak izaten ari dira luizi ohikoenetarako, baina ez dira nahikoak erorketa bat sortzen bada, bai harri zutabeak iraultzeagatik, bai bloke altueragatik –bloke txikietarako– eta energiagatik –bloke handietarako–”.