Maren Otegi piano-joleak Euskadiko Musikari Gazteen lehiaketan parte hartuko du

Elena Marguello 2022ko mar. 16a, 14:00

Asteburu honetan lehiatuko da Gasteizen zarauztarra, eta Bachen, Chopinen eta Manuel de Fallaren piezak interpretatuko ditu.

Asteburu honetan egingo dute XV. Euskadiko Musikari Gazteen lehiaketa Gasteizen, eta bertan arituko da Maren Otegi 17 urteko zarauztarra. Hainbat modalitatek eta kategoriak osatzen dute lehiaketa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan musika ikasketak burutzen dituzten ikasleek hartu dezakete parte bertan.

Otegi Piano Errepertorioaren A kategorian lehiatuko da, eta estilo desberdinetako hiru pieza interpretatuko ditu: Bachen Allemande eta Gigue (4. Suite frantziarra), Chopinen Fantasia Impromptu eta Manuel de Fallaren Cubana (4. Pieza espainola).

Zarauztar piano-joleak Imanol Urbieta Udal Musika eskolan hasi zituen piano ikasketak Laura Bilbao irakaslearekin, eta egun, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan ikasketa profesionalak burutzen ari da.