Hurrengo astean irekiko dute udalekuetan izena emateko epea

Elena Marguello 2022ko mar. 16a, 16:45

Hilaren 21etik 29a bitartean eman ahalko da izena Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek antolatutako udalekuetan. Apirilaren 4an banatuko dituzte plazak zozketa bidez.

Hilaren 21etik 29a bitartean eman ahalko da izena Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek antolatutako udalekuetan. Internet bidez, Udako Programen Bulegoan edota kanpainan parte hartzen duten udal bulegoetan egin ahal izango da inskripzioa; Zarautzen, Gazte Informazio Bulegoan: Zigordia kaleko 34. zenbakian edota 943-00 51 22 zenbakira deituta.

Udalekuetako plazak apirilaren 4an zehaztuko dituzte jende eta notario aurrean egingo den zozketa bidez. Plazen eskaera banaka nahiz gehienez hiru pertsonako taldetan egin daiteke, eta plazak lortzeko aukera berdintasuna bermatzeko haur eta nerabe bakoitzak eskaera-orri bakarra aurkeztu ahalko du. Eskaera-orri bat baino gehiago agertuz gero, baliogabetu egingo da izen hori daraman eskaera.

Ahalik eta haur gehienek udalekuetan parte hartzeko aukera izan dezaten, plazak esleitzerako orduan aurreko urteetan udalekuetan parte hartu ez dutenei emango zaie lehentasuna.

Plaza lortutakoen izen-ematea

Zozketaren emaitzak aipatutako bulegoetan jarriko dira erakusgai, eta plaza lortzen dutenek apirilaren 5etik 13a bitartean eman beharko dute izena. Behin betiko izena emateko epea bukatzen denean, zozketan plaza lortu duen norbaitek izenik ematen ez badu, plaza horri uko egin zaiola ulertuko da.