Bota gabe gelditu diren bertsoak

Itziar Ugarte Irizar - Berria 2022ko mar. 17a, 10:45
Xabier Euzkitze eta Ekaitz Goikoetxea. (Berria)

'Bertsolaritza eta askatasuna' solasaldian aritu dira hizlari Xabier Euzkitze eta Ekaitz Goikoetxea. Gogoan elkarteak antolatu du saioa, eta ETAren jardunaz kantatzeko testuinguru falta aipatu dute. Berria egunkariak eman du horren berri.

Gatazka politikoaren urte gorietan kulturaren eremuan «isiltasunaren legea» indarrean egon dela defendatu zuen Ramon Etxezarretak, Gogoan elkarteak gonbidatu zuenean. Saio berri bat izan zen atzo iluntzean, telematikoa, eta Etxezarretaren esana berretsi zuten Xabier Euzkitze eta Ekaitz Goikoetxea bertsolariek bertan. Amagoia Lopez de Larruzearen gidaritzapean aritu ziren.

Bertsolaritza eta askatasuna izena zuen saioak, eta, kontzeptuen gaineko «tesi sakonetatik» urrun, euren bizipenetatik ariko zirela argitu zuten bertsolariek berehala. Euzkitze izan zen hitz egiten lehena. «Hizkuntza eta herria» zimendu oso garrantzitsu ziren etxe batera jaio zela azaldu zuen, eta, hala izanik ere, «bakea eta askatasuna» gainetik jartzen erakutsi ziotela nabarmendu zuen. «Txikitatik entzun dugu: 'Izan zaitezte bakegizonak'».

Bertsotan hasi zenean, eredutzat Lazkao Txiki, Jon Azpillaga, Txomin Garmendia eta beste zituztela aipatu zuen, eta, kantuan halakorik esaten entzun ez bazien ere, indarkeriaren kontrakoak zirela uste du Euzkitzek. «Baina hainbesteko bortizkeria zegoen, haiek ere ez ziren ausartzen ezer askorik esatera». Bertso saioetako estetika ere ekarri zuen gogora: «Edozein herritara joan eta atzean egoten ziren herri horretako presoen edo iheslarien argazkiak, izen eta guzti. Has zaitez giro horretan kontrako ezer esaten».

16 urterekin, «gudari» baten omenaldira kantatzera joateko gonbidatu zutenekoa oroitu zuen. «Niri gudari hitzak aitona zekarkidan gogora, Euskal Herriaren alde gudan ibilitako gizon bat, gero bortxaren kontra ezagutu nuena beti. Baina ez, etakide bati egindako monolito baten aurrean nengoen. Entzun nahi zutena esan nuen, baina ezeroso».

Albistea osorik irakurri daiteke Berria.eus atarian.