Errotazar, Irita eta Amillubirako  proiektuak aurkeztu dituzte

Elena Marguello 2022ko mar. 18a, 09:00
Hainbat herritar bildu ziren asteazkenean udalbatzar aretoan, Zarauzko Udalaren proposamenak entzuteko. (Elena Marguello)

Herritarren aurrean azaldu ditu udalak gune horietarako aurreikusten dituen proposamenak. Bilera informatiboan herritarrek beren kezkak azaleratu dituzte.

Zarauzko Udalak saio informatibo irekia antolatu zuen asteazkenean Errotazar, Irita eta Amillubi guneei eragingo dieten antolamendu proposamenak eta aukerak azaltzeko. Udalbatzar aretoan elkartu ziren hainbat herritar Santiago Peñalba arkitektoaren eta Iñaki Urrizalki geologoaren azalpenak bertatik bertara entzuteko, eta udalak eremu horietarako dituen proposamenak ezagutzeko eta horien inguruko iritziak partekatzeko. Bertaratu zirenen artean egon zen  Zarauzko alkate Xabier Txurruka ere. Peñalbak eta Urrizalkik Eusko Jaurlaritzako Sprilur erakunde publikoko proiektua aurkeztu zuten, erakunde hori baita planaren sustatzailea.

Bilera bi zatitan banatu zuten, eta 18:00etan hasi ziren Errotazar sektorekatze plana aurkezten. Abendañoko industrialdea zabaltzeko bi proposamen egin zituzten arkitektoak eta geologoak: pabiloien kokapenen eta horien sarbideen araberakoa da bakoitza, alegia. 60.000 metro koadro inguru dituen eremuan pabiloiak eta zazpi etxebizitza daude gaur egun, baita babestu beharreko zuhaitz gune bat ere. Proposamenaren ardatza, Errotazarren pabiloi gehiago egitea da; hau da, 16.500 metro koadro inguru industriarentzat izatea. 

Errotazarreko eremu horretan aldaketak egitekotan, jarduera ekonomikoko guneetan egingo direla azaldu zuten Sprilur elkarteko ordezkariek, eta planak ez dituela inguruko etxebizitzak ukituko. Horrez gain, Urrizalkik adierazi zuen ingurugiroari dagokionez ez dagoela «gauza berezirik», eta, beraz, ez dago kaltetuko litzatekeen eremurik Errotazarren. 

Herritarrek hainbat zalantza azaleratu zituzten Errotazarreko  proposamenaren gainean. Horien artean, pabiloi gehiago egitearen zalantza gailendu zen. Herritar batzuek proposatzen zutenez, eskualdean badaude hainbat pabiloi hutsik, eta «egokiagoa» litzateke, haien ustez, pabiloi hutsak betetzea berriak egin aurretik. Herritarren argudioen aurrean, udalak Zarauzko enpresak «herrian gera daitezen» lan egingo duela ziurtatu zuen Txurruka alkateak: «Zarauztarren lanpostuak herrian geratzea da gure lehentasuna; besteak beste, langileek eta sindikatuek horrela eskatzen digutelako».

Ordubete geroago, berriz, Amillubi eta Irita eremuetako plan orokorra aldatzearen inguruko saio informatiboari heldu zioten. Bertan, hezegunea berreskuratzearen nahiz autobus geltoki berria, zuzkidura-bizitokiak eta etxebizitza libreak nahiz babes publikokoak egitearen plana aurkeztu zuten. 

Amillubi eremuan, Maria Etxetxikiko autobus geltokia berritzeaz gain, haren ondoan eraiki nahi dituzten etxebizitza libreak nahiz tasatuak izan zituzten hizpide. Amillubi eremuan eraiki nahi dituzten etxebizitzetan 1.900 metro koadroan tasatuak izango lirateke eta 4.500 metro koadroan etxebizitza libreak.

Alokairu sozialeko etxebizitzak, berriz, Irita eremuan eraiki nahi dituzte, eta, hala, Itxasmendi auzoa handituko lukete. Bi proposamen azaldu zituzten auzune horretarako: lehenengoan, bederatzi solairuko lau eraikin proposatu zituzten, era horretan 140 etxebizitza eraikiz. Bigarren proposamenean sei solairuko bi eraikin aurkeztu zituzten, eta horrek ere 140 etxebizitza izango lituzke. Formatua da aldatzen den bakarra.
Iritako hezeguneari dagokionez, Itxasmendi auzoa herrigunearekin elkartuko lukeen eta hezegunearen gainetik zeharkatuko lukeen pasabide bat jartzea aurreikusten du Sprilurrek ondutako proiektuak. 


Zubiarekin desados

Arkamurka taldeko kideak bileran izan ziren, eta hitza hartu zuten hezegunearen gainetik igaroko den zubiaren proiektua gaitzesteko. Natur taldekoen esanetan, pasarela horrek hezeguneko landaredia eta fauna «kaltetuko» lituzke. Horri erantzunez, zubiak eragindako kalteak «oso txikiak» izango liratezkela eta, gainera, oinezkoen loturak «erraztuko» lituzkela ziurtatu zuen Urrizalkik. 

Bestalde, herritarrek etxebizitzen gaineko problematika ere azaleratu nahi izan zuten udalbatzarreko aretoan. Herrian etxeek dituzten «prezio garestiak» eta «pribatutasuna» mahaigaineratu nahi izan zuten hainbatek. Etxebizitzen gaiaren harira, Txurrukak hitza hartu eta aipatu zuen Zarautzen «alokairurako etxebizitza publikoa sustatzea ezinbestekoa» dela. 
Herritarren zalantzen eta kezken aurrean, Amillubirako eta Iritarako udalak aurreikusitako proiektuekin «animaliak eta herriko gazteak babestu nahi» dituztela ziurtatu zuen Zarauzko alkateak, «gazteek ez dezaten beste herri batzuetara bizitzera joateko beharrik eduki, eta bertako fauna ez dadin desagertu gure parajeetatik».