Elkar+ekin Dantzan! egitasmoa egingo dute igande eguerdian

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 18a, 13:15

Euskal Herriko ehunka herritan bezala, Martxa baten lehen notak abestiaren erritmora egingo dute dantzan Musika Plazan, elkarteen eta boluntarioen lana aitortzeko.

EIBE Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntzarako Ekosistemak Elkar+ekin Dantzan! egitasmoa jarri du martxan, elkarteen eta boluntarioen lana aitortzeko. Dantzaren bidez, boluntarioak zaindu eta formatu behar direla aldarrikatu nahi du, eta, bidez batez, komunitateko ekintzetan herritarren parte hartzea sustatu.

Horretarako, martxoaren 20an, igande honetan, Euskal Herri osoko ehunka herritan edonork dantzatzeko moduko dantza bat egingo dute. Zarautzen ere jarri dute hitzordua: 12:00etan izango da, Musika Plazan.

Dantzaren inguruan aritzen diren herriko hainbat lagun bat egin zuten egitasmoarekin, eta ekintza Zarautzen antolatzeari ekin zioten. EIBEk hiru dantza proposamen aurkeztu zituen bere web orrian, bideo-tutorial eta guzti, baina zarauztarrek koreografia proioa sortu dute. Hori bai, igandean, guztiek Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestiaren erritmora egingo dute dantzan.

Dantzariek hainbat bidelagun izango dituzte eguerdian Musika Plazan, zuzeneko musika eskainiko dutenak. Alde batetik, Arranoko gitarra eskolako ikasleak, eta bestetik, Montetxio Koruko kideak.