EH Bilduk "beharrezkotzat" jotzen du erabiltzaileen parte hartzea herriko parkeak berritzeko orduan

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 19a, 12:30

Zelai Ondo auzoko jolas parkea. (Aritz Mutiozabal)

Parkeek haurrentzako jolaslekuak baino "zerbait gehiago" izan behar duela iritzi dio koalizioak, eta horiek diseinatzerakoan "inplikaturik dauden taldeek zeresan handia" dutela nabarmendu du.

Herriko parkeek "berritzeko behar handia" dutela iritzi arren,  EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak horretarako zehaztu dituen helburuekin eta emandako pausoekin ez datorrela bat adierazi du EH Bilduk. Egin nahi dituzten aldaketetan "anbizio falta" ikusteaz gain, aurretiaz "horretarako egin beharreko inongo parte hartzerik" ez dutela sustatuko arbuiatu du.

Parkeek ez luketeela "egitura ezberdinen pilaketa soila" izan behar arrazoitu du koalizioak: "Haurrentzako jolas lekuak baino zerbait gehiago dira, beraien garapen fisiko eta sozialerako tokiak dira eta haurraren motrizitatea, sormena eta abenturarako sena sustatzen duten elementu originalez osatutakoak izateaz gain, bertan egunero-egunero egoten diren adin guztietako erabiltzaileentzako osasun, ongizate eta sozializaziorako espazioak izan daitezke".

Diseinatzerakoan hainbat ezaugarri kontuan hartu behar direla iritzi dio EH Bilduk, eta, zentzu horretan, beharrezkotzat jotzen du"inplikaturik dauden talde guztien" parte hartzea; besteak beste, haurrak, gurasoak, ikastetxeak, adineko jendea eta, auzo elkarteak. "Zeresan handia dute mota horretako herri espazio bat diseinatzerakoan eta udalaren zeregina da parte hartze saioak antolatu eta horko emaitzak kontuan hartuz proiektua aurrera eramatea”.
 

"Aniztasun falta"

Udal Gobernuak abenduaren bukaeran iragarri zuenez, 969.000 euro bideratuko ditu datozen bi urteetan hamahiru parke berritzeko. Koalizioak uste du diru partida handia dela herritarren parte hartzerik gabe gauzatzeko eta egun gizarteak eskatzen dituen bezalako espazioak birsortu ahal ez izateko.”

Horrez gain, aipatu parke horien guztien aldi bereko aldaketen adjudikazioak "aniztasun falta" ekar dezakeela pentsatzen du EH Bilduk: “Lehen ere parkeak bata bestearen oso antzekoak dira, eta prozedura honek berriz ere parke bakoitzaren esentzia bereizgarri ez egitera eraman dezake". 

Horren guztiaren aurrean oso kritiko agertu da koalizioa jeltzaleekin: "Argi dago EAJk hauteskundeei begira eta presaka parke distiratsuagoak jarriko dituela, baina benetan espazio horiek herritarrekin batera eta merezi duten bezala biziberritzeko aukera bat galduko da”.