Jasangarritasun Energetikoaren Jarduera Plana landu du udalak

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 20a, 09:00

Txekalde Ingeniero Consultores enpresaren laguntzarekin batera idatzi du, eta, orain, martxoaren 30a bitartean, herritarrek beraien ekarpenak egin ahal izango dizkiote planari.

Otsailean argitaraturiko Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko legearen arabera, erkidegoko administrazio publikoek beren energia jarduketen hainbat urtetarako planak egin behar dituzte, egungo egoeraren diagnostikoa egin eta plana indarrean dagoen bitartean gauzatu beharreko estrategiak zehazteko.  Hori horrela, Zarauzko Udalak bere Jasangarritasun Energetikoaren Jarduera Plana idatzi du, Txekalde Ingeniero Consultores enpresaren laguntzarekin.

Jarduera plan honek ondorengo hiru ardatz nagusi hauek hartuko ditu kontuan: batetik, energiaren erabileraren eraginkortasuna bultzatzea eta aurrezten sustatzea, Europar Batasunak arlo horretan dituen arauen eta jardueren esparruan; bestetik, energia berriztagarriak sustatzea eta ezartzea, erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko; eta, azkenik, energia fosil eta nuklearraren ekoizpenetik pixkanaka deslotzea kontsumo nulua lortu arte.

"Txekalde enpresak oso lan ona egin du, bai diagnostikoari dagokionez, bai Zarautzen martxan jarri beharreko ekintzen proposamenari dagokionez, arlo garrantzitsu honetan hobetzeko, bai energiaren sorkuntzan, bai kontsumo jasangarrian. Espero dezagun laster onartzea, aurrera egiten jarrai dezagun herritar guztien onurarako”, egin du azpirra Iker Basurko Proiektu Estrategikoen zinegotziak adierazi duenez. Era berean, plana jendaurrean jarri dela jakinarazi du udalak, eta interes duen orok ekarpenak egin ahal izango ditu martxoaren 30a bitartean, herrilanak@zarautz.eus posta elektronikora idatzita.

Jasangarritasun Energetikoaren Jarduera Planak bat egiten du Gipuzkoan 2050erako ezarritako estrategiekin eta helburuekin, baita 2030erako Agendaren Garapen Iraunkorrerako Plan Estrategikoarekin eta Urola Kostako eskualdeko Energia Planarekin ere.