Brigaden aurkezpena egingo du Askapenak martxoaren 25ean

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 20a, 12:00

Datorren ostiralean, martxoaren 25ean, Askapenak 2022ko brigaden aurkezpena egingo du Putzuzulo gaztetxean, 18:00etan hasita. Askapenak 35 urte beteko ditu aurten eta, osasun egoerak nahiz ezarritako neurriek baldintzatutako bi urteren ostean, berriro ere martxan jarriko ditu brigadak. Ekitaldian  Ibai Trebiñoren Donbass: gerra Europaren bihotzean dokumentala eskainiko dute, eta egilea bertan izango da.

Internazionalismoak "herrion askapen nazional eta sozialean" daukan garrantzia jarri nahi du
mahai gainean Askapenak. "Gure hastapenetik, brigadak izan dira horretarako tresnarik garrantzitsuenetako bat; izan ere, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta geureak irakaspen horietaz elikatu dituzte ehunka euskal brigadistek, eta, noski, era berean, gure herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabaldu izan ditugu. Horregatik daramatzagu 35 udagorri Euskal Herriari ekarpen internazionalista egiten".

Munduko herri langile guztien "askatasuna" dute helburu, "geurearen askatasuna izanik lehen urratsa, hori baita gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik eraginkorrena". Horregatik arrazoitu dute daramatzatela brigadak antolatzen: "Hain zuzen ere, herri borroken elkar-ezagutza bultzatzeko eta,
bueltatzerakoan, Euskal Herrian internazionalismoa eta gure askapen borrokak elikatu ditzaten".

Horrekin batera, brigadetan izena emateko epea zabalik dagoela adierazi dute, eta haiekin harremanetan jartzeko brigadak@askapena.eus helbidera idatzi datekeela.