Eulen-Nuuk txirrindulari taldeak ilusioz beteriko denboraldia aurreikusten du

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 20a, 10:30

Jira-Bira Cycling txirrindularitza klubak Eulen-Nuuk taldearen aurkezpen ekitaldi ofiziala egin zuen joan den ostegunean Modelo aretoan. Aurtengo denboraldian errepidean lasterka izango dituen txirrindulariak ezagutzera emateaz gain, finkatu dituzten erronken berri eman zuten.

Txirrindularitzako afizionatu mailan talde sendoa bihurtu da Eulen-Nuuk, 11 urteko ibilbide luzearekin eta egonkorrarekin. Pandemiaren eraginez, azken bi urteak gogorrak izan diren arren, taldeak indartuta egin duela aurrera nabarmendu zuen Ismael Etxarri Zarauzko Jira-Bira klubeko managerrak. Bost lasterketa irabazi zituzten iaz eta, aurten, Grupo Eulen talderen babes irmoa berrestez gain, Nuuk babesle berriaren konfiantza lortu dute. "Hainbat urtez haizea kontra eduki ondoren, ilusioz beteriko denboraldia aurreikusten dugu, eta emaitzak erdiesteko itxaropenarekin", zehaztu zuen Modelo aretoan egin zuten ekitaldi jendetsuan.

Eulen-Nuuk taldea elite eta 23 urtez azpiko mailan lehiatzen da, eta kategoria honek nolabait ere zubi lana egiten du jubeniletatik profesionaletarako bidean dauden gazteentzat; bide estua eta gutxi batzuek iristea lortzen duten. Adibidez, iaz Zarauzko taldearekin korritu zuten bi txirrindularik -Santiago Mesa eta Gaizka Gurrutxaga- jauzi hori eman dute eta profesionaletan ari dira lehiatzen aurten.

Zarauzko taldearen filosofia eta helburua txirrindulariak trebatzea da, eta aurten hamalau gaztek defendatuko dute etxeko maillot urdina afizionatuen tropelean. Euskal Herriko hainbat tokitako kirolariek osatzen dute Eulen-Nuuk, eta horien artean Iñigo Eizagirre zarauztarra dago, hirugarrez urte taldearekin. Eskualdera begira jarrita, halaber, Ekain Ajerrista azpeitiarrak lehen urtea osatuko du aurten. Iazkoa baino "talde hobea" dela zehaztu zuen Ismael Etxarrik, "konpentsatuagoa eta jende espezializatuagoarekin".

Txirrindularien atzean zuzendaritza talde tekniko-mekaniko zaildua dago, eta David Etxeberria, Jon Eizagirre, Jon Etxarri, Dani Mateo, Mikel Usandizaga eta Jesus Aramendik osatzen dute. "Gure kategorian urtero jende berria dago, eta ezinbestean taldea berritu beharra dago. Beti saiatzen gara ohiturak ez aldatzen, lan giroa beti berdina izaten, eta lau urte doazen txirrindulariek gazteei helarazi diezaieten gure filosofia, baloreak eta llan ildoak", aditzera eman zuen David Etxeberria zuzendari teknikoak. Bere esanetan, taldea txukun ari da lanean azken urteotan, emaitza onak lortzen, eta "merezi ditugun garaipenak eta helburuak" erdiestea espero du.

Iazko bost garaipen horiek berrestea ongi egongo litzatekeela aitortu du Etxarrik, eta aukerarik izanez gero, marka hori hobetzea. Edonola ere, taldeari gehiago ardura dio lehiatzen diren proba guztietan ematen itxura ona ematea, hau da, "duintasun osoz lehiatzea". Ipar Euskal Herrian aritu dira lehian, eta hemendik aurrera egutegia beteta izango dute: besteak beste, Bidasoa, Nafarroa, Castello (Herrialde Katalanak), Zamora (Espainia) eta Extremadurako (Espainia) itzulietan hartuko dute parte.

"Harrobia da"

Aurkezpen ekitaldian zehar Aitor Larraxa abeslari oriotarrak hainbat abesti intrepretatu zituen, eta hainbat gonbidatuk ere hartu zuten parte, horien artean, txirrindulari taldea babesten duten enpresetako arduradunek, federazioetako ordezkariak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuko zerbitzuburu Iñaki Iturriozek.

Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoko kide Arritxu Iribarrek Eulen-Nuuk taldeak duen garrantzia azpimarratu zuen: "Gipuzkoan une honetan afizionatuen mailako hiru talde daude: Eibar Energia Hiria, Laboral Kutxal eta Jira-Bira Eulen-Nuuk taldea. Federazioarentzat talde hau oso inportantea da, harrobia da, eta Gipuzkoako txirrindulariei eta beste batzuei irtenbidea eta laguntza emateko taldea da". Esku honetan daudela esan zien txirrrindulariei: "Kirolari bezala ez ezik, pertsona bezala ere heziko zarete".

Ildo beretik, Euskadiko Txirrindulari Federazioko presidente Raul Menak gogora ekarri zuen zer bitarteko gutxirekin ekin zion ibilbideari Jira-Bira klubak, eta "mirestekoa" dela ilusioarekin nahiz lanarekin noraino iritsi den. Bide batez, zorte ona opa zion taldeari aurtengo erronkei begira.

Ekitaldi amaieran, 50-60ko hamarkadako Zarauzko Green Fish txirrindulari taldea izan zuten gogoan, eta bertako kideei omenaldia egin zieten, bakoitzari oroigarri bat emanez.