Ostiralean jarriko dituzte salgai maiatzeko eta ekaineko Modeloko saioetarako sarrerak

Elena Marguello 2022ko mar. 21a, 16:30

Amak taldea.

Zarauzko Udaleko Kultura Sailak jakinarazi du ostiral honetan, martxoaren 25ean, jarriko dituela salgai maiatzean eta ekainean Modelo aretoan eskainiko diren saioetarako sarrerak. Ohi bezala, sarrerak aretoko txarteldegian erosi ahalko dira, edo bestela, Kutxabankeko atari digitalean.

Ostiral honetan jarriko dituzte salgai maiatzean eta ekainean Modelo aretoan eskainiko diren saioen sarrerak. Ohi bezala, aretoko txarteldegian edota Kutxabankeko atari digitalean erosi ahalko dituzte sarrerak bertaratu nahi dutenek.

Maiatzaren 6an, Sofa eta Madeleine taldeen kontzertuak izango dira, 18:00etan hasita. Sarrerak 8 euroren trukean lortu daitezke. Maiatzaren 15ean, Glu-glu antzerki taldeak Perez sagutxoa haurrentzako antzerkia taularatuko du 16:45ean hasita, eta 4 eurotan izango da ikusgai.

Ekainean, beste bi kontzertu programatu dituzte. 3an, Amak laukoteak eskainiko du kontzertua, 8 euroren trukean. 10ean, berriz, Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizunaren txanda izango da, 10 eurotan. Ekaineko bi kontzertuak 20:00etan hasiko dira.