Lander Garro: "Kartzelaren mekanika horren ezagutzatik egin dut pelikula"

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 22a, 09:00

Lander Garro. (utzitakoa)

Sare Herritarrak ekoitzi eta Lander Garrok (Donostia, 1975) zuzendutako ‘Tipularen sehaska kanta’ dokumentala emango dute bihar, 19:00etan, Modelo aretoan.

Espetxean gaixo egotearen inguruan aztertu duzue Tipularen sehaska kanta dokumentalean. Nola abiatu zen proiektu hau garatzeko ideia?
Proiektua Sare Herritarrak dinamikak jarri zuen martxan, eta niri deitu ninduten errealizadore gisa lan egiteko. Hasieratik erronka profesional moduan hartu nuen, baina baita erronka humano bezala ere, gaiak ukitzen nauelako eta serioa, benetakoa eta, beharbada, tabua delako. Kartzela zaku izugarri handi bat da, non bidegabekeria guztiak kabitzen diren bertan. Era berean, portaera akritiko bat da: bere inguruan gertatzen dena bertan geratzen da eta erakundeen berme guztia du. Beraz, tokatzen zaigu konprometituei eta ezkerreko sortzaileei lupa jartzea, eta periskopio bat balitz bezala, jendeari uztea begirada kartzela barrura sartzen.

Film dokumental bat da oinarrian, baina ikuspegi artistiko bat ere eman nahi izan diozu. Zer-nolako egitura dauka?
Zinemagintzan egiletza oso gauza partikularra da. Asko ematen den zerbait da, ez bakarrik  dokumentalgintzan, baita fikzioan ere. Errealizadoreei askotan iristen zaigu enkargu bat, eta gure lana izaten da enkargu hori ondo betetzea, baina, aldi berean, tokatzen zaigu proiektua ekartzea pixka bat gurera. Iragazki pertsonaletik pasa eta ikuspegi pertsonala eskaintzea gaiari buruz. Beste inork eskainiko ez liokeen zerbait ematea, pelikulak izan dezan lehen ahotsetik kontatutako istorio baten printza.

Hasieratik sentitu nuen hori egiteko premia, eta hasi nintzen elementu narratiboak bilatzen. Pixkanaka-pixkanaka elementu guztiak agertzen joan ziren. Lehendabizikoa Miguel Hernandez poetaren istorioa izan zen, ondoren  dokumentalari izena eman dion Tipularen sehaska kanta olerkia. Poema hori izan da ardatz, eta horren inguruan  joan naiz beste hainbat istorio sortzen, eta pelikula ikuspegi periodistiko batera eramaten. Kasu partikularrak hartu, haiengana jo, galdetu eta kontatu haien istorioa.

Gaiari buruz zeneukan ikuspegia aldatu egin al da dokumentala egin ondoren?
Nik badut esperientzia alor honetan, neroni ere preso egondakoa naizelako. Beraz, ez dut uste xehetasun hutsala denik. Oso diferentea izango litzateke pelikula hau kontatzea kartzelan egon gabe edo kartzela zer den ezagutu gabe. Esango nuke kartzelan asteburu bat pasatzea nahikoa dela berau ulertzeko. Segituan ulertzen duzu bere mekanika, eta mekanika horren ezagutza horretatik egin dut pelikula. Orduan, gaixotasunaren ideiaren inguruko ideia nahiko zehatza neukan. Gaixotasuna izan daiteken madarikazioa edo armiarma sare hori pixka bat ezagutzen nuen jada. Nola izan daiteken pertsona batentzat amaraun batean preso zaudela sentitzea, eta zeure bizitza arrisku serioan ikustea, gaixo zaudelako eta zinez inori ez zaiolako inporta kartzela barruan. Kartzelarentzat heriotza nahiko kontu errutinazkoa da. Horrekin ez dut esan nahi jendea etengabe hiltzen ari denik, baina presente dagoen zerbait da. Istorio guztiak diferenteak dira, eta niretzat dokumental honetan agertzen diren pertsonaiak ezagutzea oso esperientzia inportantea izan da. Orduan, ezin dut esan pelikula egin aurretik eta ondoren pertsona bera naizenik. Egin ditudan gauza gutxik aldatu naute pelikula honek bezainbeste. Izan ere, biziki zirraragarria izan zait horren gaizki pasatutako jendearen lekukotza entzutea.

Iruditzen zaizu film honek aldaketarako edo urrats txikiren bat egiteko bederen balio izan dezakeela?
Galdera hori erantzutea ariketa nahiko friboloa litzateke niretzat. Zinez, nik esan dezakedana horren inguruan beste edozeinek esan dezakenaren antzekoa da... Ez dakit zer gertatu daitekeen. Boterea esku misteriotsuen esku dago azkenaldian. Nork agintzen du? Nork hartzen ditu erabakiak? Zergatik? Ez dago logika instituzional bat. Beti daude interes batzuk kontrolatzeko zailak direnak. Baina irudipena daukat kartzelaren estolda handi hori beti izango dela horrela gure gizarte moderno hauetan. Hori aldatzeko iraultza sozial handi bat behar da, eta pelikula bat inoiz ez da izango iraultza sozial handi bat pizteko arrazoia. Eta nirea are gutxiago. Egomania ariketa ikaragarria litzateke baietz esatea.

Otsailaren 3an estreinatu zenuten filma Donostian, eta harrezkero, Euskal Herriko hainbat tokitan eskaini duzue. Zer moduzko harrera izan du? Nolako feedback-a jaso duzu?
Jendeak aipatzen duen lehendabiziko gauza da pelikula gogorra  dela. Gainera, nabaritu dut ikusleak aretoetatik hunkituta ateratzen direla; masail asko bustiak eta negar malkotan dauden aurpegiak topatu ditut zinema aretoen kanpoaldean. Nahiko sentsazio harrigarria da, pelikula niretzat kontakizun nahiko soila delako. Jakina, memoria ariketa bat egin behar dut halakoetan, eta atzera begirako bat egin nik lehen aldiz pertsonaiei elkarrizketak egin nizkien momentu haietara. Orduan, konturatzen naiz zeinen gogorra izan zen niretzat ere haien istorioak entzutea. Orokorrean, jendearen erreakzio horrek txunditu nau emozionalki gehien.