Bertso-sorta: 'Ez da posible'

Elena Marguello 2022ko mar. 22a, 09:50

Inaxio Uria Isasti zarauztarrak bertso sorta berria igorri du Zarauzkohitza.eus-era, Iparragirre abila dela doinuan abesteko.

-1-
Gaur egunean ohikoa da
lanbidea dela eta
Ezinbestean gainditu behar
aurretiko ikasketa
Saiatuz etengabe
Tituluaren jabe
Ondoren jarri arreta
eta lanpostuaren aukera
lortu arteraino seta (bis)

-2-
Ikasketak gainditzea noski
garrantzitsua da baina
horrek ez du lanikan bermatzen
nahiz izan nota bikaina
Beraz itxaropena
da gelditzen zaiena
Pazientzia alajaina!!
Lehen aukera hartu beharrez
nahiz xume edo ertaina (bis)

-3-
Aurrekoakin  parekatzeko
horra hurrengo aukera
Politika mundua zehazki
jar gaitezen aztertzera
Politikari anitz
Ez landu behar balitz!!
Saiheskatuaz karrera
Bizibide bapoa lortuaz      
Hau bidezkoa ote da? (bis)

-4-
Zinegotzi edo alkatea
Ministro,parlamentari
Derrigorrean ezin eskatu
titulorikan berari
Ta gu beraien esku
Sarritan oso estu
Beraz jar gaitezen adi
Egoera hau normala ote?
Galde zure buruari (bis)

 -5-
Automobil gidaritzan dira
baldintzak zorrotz samarrak
Baina herri batena izanik
oro har nahiko kaskarrak
Prestakizun eskasa
Ta hala ere pasa!!
Zein dira bete beharrak?
Salagarriak gertatzen dira
Hainbaten joku zabarrak (bis)