Zirkulazio istripuak prebenitzeko saioa egingo dute ostegunean

Elena Marguello 2022ko mar. 22a, 12:30

Don't be Dummy. Zuk ez duzu ordezkorik saioaren bi aurkezpen eskainiko dituzte Modelo aretoan, 15 eta 19 urte bitarteko gazteentzat. Bertan, zuzeneko testigantzak entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Don't be Dummy. Zuk ez duzu ordezkorik ekitaldia aurkeztuko dute ostegun honetan Modelo aretoan. Saio hauek trafiko-istripuak prebenitzeko helburua dute, eta bertan izango dira 15 eta 19 urte bitarteko Lizardi BHIko nahiz Oteiza eskola politeknikoko ikasleak. Bi saio eskainiko dituzte; lehenengoa 10:00etan, eta bigarrena, 12:15ean.

Ekitaldira bertaratzen direnek Erramun Etxabe suhiltzailearen, Igor Makazaga udaltzainaren eta Alaitz Arbilla bizkarrezur-muineko lesioa duen neskaren zuzeneko testigantzak entzun ahalko dituzte. Ekitaldian zehar testigantza gehiagoren bideoak ikusteko aukera ere egongo da, besteak beste, larrialdietan lan egiten duen mediku batena nahiz trafiko-istripuek utzitako hainbat biktimena. Lehenengo pertsonan kontatuko diren testigantza horien bitartez "gazteen barruak mugitzea" lortu nahi dutela adierazi dute antolatzaileek, bizipen horiek "oso hunkigarriak" direlako eta "gazteengan inpaktu handia" izaten dutelako.