Aitor Elorriaga: “Hezkuntzarako sarbide erreala ukatu egiten zaio langileriari”

Elena Marguello 2022ko mar. 23a, 10:00

Aitor Elorriaga.

Ikasle Abertzaleakeko kidea da Aitor Elorriaga (Zarautz, 2002), eta ostegunerako deitu duten grebaren zergatiak eta nondik norakoak azaldu dizkio hedabide honi.

Martxoaren  24rako  greba  deitu  du  Ikasle Abertzaleakek.  Zein  beharretatik  abiatuta mobilizatuko zarete?  
Gure belaunaldiak ez du ezagutu  krisialdian egon ez den unerik. Krisi kapitalistetan, sistemak berregituratu egiten ditu bera sostengatzen duten zimenduak, eta horietako bat hezkuntza da. Gure ustez, azken urteotako hezkuntzaren bilakaera  dekadentea izan da, eta dekadentzi horren ondorioak langile klaseko ikasleak jasaten ditu. Dekadentzia horren adibide dira, adibidez, hezkuntzako gastuen —zuzeneko eta zeharkako— gorakada, edota kontrol sozialaren areagotzea.

Horri tiraka ibili gara ikasturte honetan, Hezkuntzaren dekadentzia, ikasleon miseria! kanpainarekin. Hezkuntzaren  dekadentziaren  aurpegi  gordinenak  erakutsi  nahi  izan  ditugu horrekin.  Gure  ustez, ezarri  nahi  dituzten  hezkuntzako  lege  berriek  —LOSU,  LOMLOE eta LH plana—, dekadentzia prozesua formalizatu besterik ez dute egiten, eta horregatik aterako gara kalera ostegunean.  

Ikasleek jasaten dituzuen arazoak asko direla azpimarratu duzue, eta mobilizatzeko  sei arrazoi azaldu dituzue.  

Mobilizatzeko sei arrazoi daudela baino, gutxienez sei arrazoi badaudela uste dugu. Batetik, hezkuntzaren garestitzea egitate bat da, eta ez soilik  zuzeneko  gastuei  dagokienez.  Zuzeneko gastuak —tasak— goraka  doaz,  baina  zeharkakoak  diren  gastuak  ere goraka doaz,  eta, adibidez, hezkuntzaren  baitan  gertatzen ari den digitalizazio prozesuan hori antzeman daiteke: kasu askotan, eskola ez da gai ikasleei heziketa prozesuak exijitzen dien materiala emateko. Bigarrenik, eskola-uzte datuak goraka doaz, eta are nabarmenagoa da gorakada ikasle proletarizatuenen kasuan.

Bestalde, ebaluazio-sistema erabat klasista dela irizten diogu. Langile klaseko ikasleak dira, oro har, ikasketak behar bezala eramateko zailtasun handienak dituztenak. Kasu askotan, ikasketak lanarekin uztartu  behar  ditugu;  beste  askotan,  klase  partikularrak  behar  bai  baina  ezin ditugu jaso, gastu onartezina  baita.  Oro  har,  dirua  daukanak  hezkuntzarako sarbide askoz ere errazagoa dauka.

Era  berean,  eta  digitalizazio  prozesuaren  aitzakia pean,  enpresa  handiek  gero  eta  esku hartze handiagoa daukate, eta horien beharren arabera erabakitzen da ikasleek zer ikasiko duten. Horrek erakusten du hezkuntza egokitzapenak egiten ari dela ikasleok  etorkizuneko ziklo ekonomikorako behar bezala prestatuta egon gaitezen. Halaber, kontrol sozialerako mekanismoak areagotzen ari direla ikusten dugu, eta gure ustez, horren funtzio nagusia, egungo belaunaldiak kontrol sozialera ohitzea da.

Azkenik, egungo hezkuntza sistemak ikasleon osasun mentala  kaltetzen  du. Datuen arabera, ikasleen herenak antsietate arazoak ditu, ikasketek eragiten dien presioagatik, besteak beste.

Langile-klasea hezkuntzatik kanporatua izaten ari dela diozue.

Langileria hezkuntza prozesutik kanporatua izaten ari dela diogunean, egiturazko arazo  batez ari gara. Tasak eta zeharkako gastuak %50 igo dira 2004az  geroztik, eta, horri guztiari, bizitzaren garestitze orokorra gehitzen badiogu, itogarriak dira gastu horiek etxe askotan. Badaude gastuetatik harago doazen beste zenbait motibo ere. Krisiak langile klasearen  bizi-baldintzak okerrera eraman ditu eta, horrek guztiak, ikasketa prozesuan eragin zuzena daukala iruditzen zaigu, eta, beraz, hezkuntzarako sarbide erreala ukatu egiten zaio langileriari. Hezkuntzatik kanporatzeak hori esan nahi du: heziketa prozesua behar bezala aurrera eramateko baldintzak ukatzen zaizkiola langileriaren zati handi bati.

Zein da zuek proposatzen duzuen konponbidea?

Hezkuntzaren  dekadentzia  prozesua,  esan  bezala,  bizi-baldintzen  okertze  orokorren  baitan ulertzen dugu,  krisi  kapitalistak  hezkuntza bera ere zeharkatzen  duela, alegia. Horregatik, ez dugu uste erreforma partzialetatik konponbiderik etor daitekeenik. Are gutxiago LOSU, LOMLOE eta LHko erreformen  bidez, sistema kapitalistaren beharrak asetzeko diseinatuta  daudelako. Gure ustez, indarrak hezkuntza sozialistaren eraikuntzaren norabidean jarri  behar  dira, eta hori aldarrikatuko dute martxoaren 24an egingo diren manifestazioek.

Deialdi honetara begira, zein ekintza egin dituzue eta nola antolatu zarete azken aste hauetan?  

Euskal Herriko hamaika txokotan egin den bezala, hemen ere ikasturte osoa igaro dugu eskualdeko gabezi nagusienak zein diren aztertzen eta horien ondorioak  azaleratzen. Eskualde honetan kasurik adierazgarrienetakoa klase partikularrena da. Hezkuntzaren dekadentziaz ari garenean, edukiak emateko duen gaitasun ezaz ere ari gara, eta hori  erakusten dute egin genituen inkestetatik jasotako emaitzek: ikasleen erdiak baino gehiagok jaso ditu  klase partikularrak, eta ikasturte osoa pasa dugu horrek ikasle langileei eragiten diena salatzeko kanpaina aurrera ematen.

Greba egunari dagokionez, azken aste hauetan lanean ibili gara unibertsitateko zein batxilergoko ikasleak. Grebaren nondik-norakoak azaltzeko eta eztabaidatzeko batzarrak egin ditugu, eta propagandarako lan-egunak antolatu.

Donostian,  Bilbon, Gasteizen eta Iruñean deitu dituzue manifestazioak.

Martxoaren 24an bertan autobusa antolatu dugu, Zarauztik Donostiako Ibaeta kanpusera. Bertan, 12:00etan abiatuko den mobilizaziora batuko gara. Egoeraren larritasunak premiazkoa egiten du egun hori, eta parte hartzera animatzen dugu ikasle oro. Interesa duen oro sare-sozialen bitartez jar daiteke gurekin harremanetan.