Garraio publikoa sustatzeko kanpaina egingo dute larunbatean

Elena Marguello 2022ko mar. 24a, 09:00
Kanpaina Donostian (@eri_ATTG)

Larunbatean egongo da kanpainako agertokia Geltoki kalean. Garraio publikoak pertsonen ongizatean eta bizimoduan eragiten dituen onurak balioztatu nahi dituzte Joan-etorriak kanpainarekin.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak Joan-etorriak kanpaina abiatu du pandemia garaiak sortutako kezkak alde batera utzi eta Gipuzkoako herritarrak garraio publikora bueltatzeko erronkari aurre egiteko. Larunbat honetan egongo da agertokia Geltoki kalean, Paxo azpibidean, eta herritarrak gogoeta egitera eramango ditu kanpainak.

Agertokiak, garraio publikoko eta pribatuko eserleku bana simulatuko ditu, eta herritarrek erabakiko dute zein eserlekutan jarri. Bertan, aukera bakoitzak eskaintzen dituen ezaugarriak aipatu eta horietatik abiatutako gogoeta egitera bultzatuko dituzte herritarrak. Bide honetatik, garraio publikoak pertsonen ongizatean eta bizimoduan eragiten dituen onurak balioztatu nahi dituzte.