Erlojua udako ordutegira egokitu beharko da igande goizaldean

Andoni Elduaien 2022ko mar. 24a, 08:28
02:00etan 03:00ak izango dira.

Udaberriari eta udako ordutegiari hasiera emateko, ordularien orratzak ordubete aurreratu beharko dira datorren igande goizaldean. 02:00etan 03:00ak izango dira.

Igande goizaldean, martxoak 27, ordua aldatu beharko da, ordularia udako ordutegira egokitzeko. Ordubete aurreratuko da ordularia, eta 02:00etan 03:00ak izango dira, eta hori horrela, nahierarako ordubete gutxiago izango dute herritarrek. Ondorioz, egunak beranduago argituko du eta iluna beranduago sortuko da; egunsentia eta ilunabarra ordubete atzeratuko dira, beraz.

Baina, zergatik aldatzen da ordua urtea bi aldiz? 2001ean, Europako Batasunak nahitaezko ordu-aldaketa ezarri zien estatu kideei, energia aurrezteko helburuarekin. Duela bi urte, aldiz, neurria kentzeko saiakera egin zuten, baina ez zuten akordiorik lortu. Adituek ez dute lortzen adostasunik ordu aldaketekin jarraitu edo ez erabakitzeko, eta beraz, egun urtero egiten diren bi ordu aldaketekin segitu beharko dela aurreikusten dute.

Neguko ordu aldaketa, bestalde, urriaren 30etik 31rako gauean izango da, eta orduan 03:00etan 02:00etara atzeratu beharko da ordularia.