"Banku zerbitzuetara jotzeko arazo larria" salatuko dute pentsiodunek

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 27a, 10:00
Pentsiodunen protesta, 2021eko abenduan. (Zarauzko Hitza)

Mozioa aurkeztu dute udalean, eskakizunak banketxeei eta gainerako erakundeei helaraztea eskatzeko.

Adinekoek eta oro har pentsiodunek "murrizketa eta digitalizazioaren ondoren banku zerbitzuetara jotzeko duten arazo larria" salatzeko, mozioa aurkeztu dute Zarauzko Udalean. Hainbat argudio eman dute mozioa aurkezteko Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Zarauzko Pentsiodunek, hala nola abusuzko klausulak eta praktikak, informatizazioa eta digitalizazioa, langileen azpikontratazioak nahiz banku publikoaren beharra. 

Horregatik guztiagatik, udalari banku publikoaren beharra helarazi nahi izan diote, gehien duenari gehiago kobratuko diona eta arreta presentziala bermatuko duena. 

Alde batetik, mozioak aurrera egitekotan, udalerriko banketxeei leihatila bat ireki dezaten eskatuko die udalak. Era berean, COVID-19aren zabalpena ekiditeko edukiera neurriak egon bitartean, itxarongela handiagoak gaitzeko eskatu diete, "materialki egingarria den kasuetan" behintzat.  Gainera, adinekoek zordunketa-txartelak inolako baldintzarik edo eskakizunik gabe eskuratu ahal izatea exijitu dute.

Bestetik, udala Espaniako Bankuarengana zuzentzea nahi dute, bankuen funtzio pribatu eta publikoak argi eta garbi bereizteko eta azken horien doakotasuna edo, bestela, gutxieneko komisio bat ezartzea eskatzeko.