Zarautz 2030 Bulego Teknikoa, jada martxan

Mireia Galarza Bastida 2022ko mar. 27a, 12:31
Udaleko ordezkariak bulego berrian. (Zarauzko Udala)

Plan Estrategikoaren barruan koka daiteke bulegoaren irekiera, eta Zarautz 2030 Plan Estrategikoari buruzko zalantzak argitzeko aukera izango dute herritarrek bertan, baita ekarpenak egiteko ere.

Zarauzko Udalak 2030 Agenda Globalaren barruan abiarazi duen hausnarketa prozesu partekatuari jarraipena emateko, ostiraletik aurrera zabalik dago herritarrei zuzendutako arreta zerbitzua.

Salegi kaleko 14. zenbakian egongo da aurrerantzean bulegoa, Zarautz Lur bulegoarekin espazioa partekatzen. Udalak adierazi duenez, bulegoa martxan jartzea "inflexio puntua" da 2030 Agenda Globalaren eta 17 + 1 Garapen Jasangarriaren Helburuak oinarri hartuta Zarauzko etorkizuna irudikatu nahi duen ekintza-plana diseinatzerako orduan.

Bertan, Zarautz 2030 Plan Estrategikoari buruzko zalantzak argitzeko aukera izango dute herritarrek, eta ekarpenak egiteko lekua ere izango da bulego berria. Aurretik, udala hainbat pentsaera eta joerako herritarrekin elkartu da, eta orain, jarraipena eman nahi dio prozesuari, "herri osora zabalduta". 

Bulegoaz gain, ekarpenak egiteko postontzi mugikorrak ere prestatu ditu udalak, bata Aritzbatalde kiroldegian eta bestea Bulego Teknikoaren aldamenean. Hala ere, azaldu dute herriko leku gehiagotan ere jarriko dituztela postontziak. 

Sentsibilizazio kanpaina

Aldi berean, eta egitasmoa gizarteratzeko helburuarekin, udalak sentsibilizazio kanpaina bat abiaraziko du. “Herritarrak inplikatu behar ditugu Plan Estrategikoaren definizioan; eta horretarako beharrezkoa da egitasmoa kalera ateratzea, herritarren aurrean parez pare jartzea. Euskarri ezberdinekin lanean gabiltza eta epe laburrean ikusiko ditugu udalerriko espazio eta udal eraikinetan”, jakinarazi du Iker Basurko Plan Estrategikoaren arduradunak. 

Dagoeneko ikus daitezke sentsibilizazio kanpainako hainbat emaitza, besteak beste, Plan Estrategikoko informazioa biltzen duen eskuorria edo hiribusaren errotulazioa.