Klima aldaketaren arriskuaz arituko dira ostegunean

Elena Marguello 2022ko mar. 29a, 11:30
Artxiboko irudia.

Klima aldaketa Euskal Herrian; itsas mailaren igoera dokumentala ikusgai izango da ostegun honetan Modelon, 19:00etan hasita. Ondoren, klima aldaketan aditua den Elisa Sainz de Murietaren eskutik solasaldia egingo dute bertaratzen direnek.

Ostegun honetan, hilaren 31n, Klima aldaketa Euskal Herrian; itsas mailaren igoera dokumentala eskainiko dute Modelo aretoan, 19:00etan hasita. Arkamurkak eta Zarauzko Udalak antolatuta, AZTI zentro zientifiko eta teknologikoaren eskutik ikusgai izango den dokumentalean, klima aldagaiekiko erantzun fisikoen eta biologikoen seinaleen joerak aztertu dituzte euskal itsasertzean eta estuarioetan.

Bideo-dokumentalaren ondoren, klima aldaketan aditua den Elisa Sainz de Murietak hartuko du hitza. Urteak daramatza Sainz de Murietak BC3 Basque Center for Climate Changen klima aldaketaren ondorioak aztertzen, eta itsas mailaren igoerak ekonomian izango lukeen inpaktua aztertu du, besteak beste. Gaiari buruzko hausnarketa eta entzuleekin solasaldia eskainiko ditu hark.

Arkamurkako kideek azaldu dutenez, Zarautzek "lehorretik nahiz itsasotik berebiziko arrisku hidrologikoak" ditu: "Batetik, herria paduraren gainean eraikita dagoelako, eta bestetik, Jaurlaritzak adierazi bezala, itsas mailaren igoeraren agertokietan kalte handienetakoa jasango lukeen herria delako". Arkamurkakoek gehitu dutenez, "Zarauzko Udalak ez ditu jaso arriskuak Hirigintza Plan Orokorrean, eta herritarrak bizkarra ematen diogu errealitate honi". Hain zuzen ere, helburu horrekin antolatu dute osteguneko emanaldia, gerturatzen direnak klima aldaketaz hausnartu dezaten.