Hogei urte geroago, berriz

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 30a, 11:30

‘Zerria’ liburuaren idazle Patxi zubizarreta eta ilustratzaile Antton Olariaga. (Erein argitaletxea)

40. Xabier Lizardi Sariaren sari banaketa ekitaldia egingo dute larunbat eguerdian, Modelo aretoan. Patxi Zubizarretak bigarrenik jasoko du saria, ‘Zerria’ lanagatik.

Eraberrituta aurkeztu zuten duela urtebete inguru 40. Lizardi Saria, Xabier Lizardiren jaiotzaren 125. urtemugaren harira. Data berriarekin, sari ekonomiko potoloagoarekin, eta aurrerantzean haur eta gazte literaturaren artean txandakako sistema aplikatuz. Lehiaketa abian jarrita, iraila bukaeran eman zuen jakitera ebazpena Zarauzko Udalak: Patxi Zubizarreta ordiziarraren Zerriak narrazioak irabazi zuen. Larunbat eguerdi honetan jasoko du saria idazleak, Haur eta Gazte Liburuen Nazioarteko Egunean.

Modelo aretoan izango da 40. Xabier Lizardi Sariaren sari banaketa ekitaldia, eta azken edizioko garaileak bere protagonismoa izango badu ere, oro har literaturak zipriztinduko du espazioa. Izan ere, iazko ekitaldian estreinakoz erabili zuten formatuari jarraiki,  euskal idazle batek egingo du manifestua. Lehen aldi hartan Mariasun Landa errenteriarrari tokatu baldin bazitzaion ardura, oraingo honetan Leire Bilbao ondarroarra izango da lekukoa hartuko duena. Bien bitartean, Ainhoa Garaiar biolin-jotzaile zarauztarrak girotuko du ekitaldia. Saioa 12:00etan hasiko da, eta doako sarrera izango du, edukiera bete arte.


Bigarren aldiz saritua

Zubizarretarentzat bigarren aldia da Lizardi  Saria lortzen duena; 1991ean, Matias Ploff-en erabakiak lanari esker saritu zuten. Duela 20 urte bezala, «poztasun handia» hartu zuela aitortu zuen egileak sariaren berri jaso bezain pronto, poztasuna epaimahaiak bere lana «mugarri» izendatu duelako «Lizardi Sariak 40 urte betetzen dituen data seinalatu honetan». Epaimahaikideek nabarmendu zuten Zerria testu «dotorea» dela estilistikoki. Haien esanetan, kapitulu biribilak eta ederki josiak, irudi indartsuak eta deskribapen interesgarriak barnebiltzen ditu. Hori guztia, «idazkera jori bezain gustagarrian emana».

Erein argitaletxearen eskutik plazaratu du liburua, eta, hain justu ere, orain dela astebete aurkeztu zuen Donostiako Udal Liburutegian. Zubizarretak aditzera eman zuenez, «autoestimu ariketa» bat izan da Zerria, eta oso gustura agertu zen Lizardi Sarian funtzionatu duelako; 13 eta 17 urte bitartekoei zuzenduta literatur lana da, hain zuzen ere.
Istorio lazgarri bat izan zuen abiapuntu Zubizarretak testua idazteko orduan. «Frantzia aldean txerri batek baserri batean sehaskako ume bat hil eta jan egin zuela irakurri nuen. Txerria epaitu eta heriotzara kondenatu zuten. Jabeak, ordea, epaitu zituzten exekuzioa ikustera, baita inguruko baserritarrak txerriekin joan zitezen ere. Txerri hiltzailea, infantizidioaren egilea, jarri zuten gizon jantzian, eta borrero batek urkatu egin zuen, gero zatitu eta erre egin zuten», azaldu zuen egileak aurkezpenean.
 
Liburuko narratzailea glaziologo bat izango da: Alpeetako gailurretan, urtu den glaziare batean bi gorpu eta piztia baten eskeletoa topatuko ditu. Horien sekretua zein den argitzen saiatuko da. Liburuko irudiak Antton Olariaga ilustratzaileak egin ditu, eta agerraldian adierazi zuenez, erronka polita izan da proposamen horretarako lan egitea.