Joxean Agirreren 'Solteroen dantzalekuak' nobela, kalean

Anartz Izagirre 2022ko api. 1a, 10:00
Joxean Agirre 'Solteroen dantzalekua' liburuarekin, Donostiako Udal Liburutegiaren atarian. (Elkar)

Zarauzko bizilagun azpeitiarrak atzo, osteguna, aurkeztu zuen nobela Donostiako Udal Liburutegian, eta bere lan berriaren gaineko xehetasunak eman zituen saioan. Bi garai bereizten dira liburuan: 1975. urtea eta gaur egungo garaia. Regine Robin idazlearen nobela du abiapuntu Solteroen dantzalekuak liburuak. 

Zarautzen bizi den Joxean Agirre idazle azpeitiarrak kaleratu berri du Solteroen dantzalekuak deituriko nobela berria, eta atzo lanaren aurkezpena egin zuen Donostiako Udal Liburutegian. Xabier Mendiguren Elkarreko editorea izan zen harekin batera saioan, eta hark nabarmendu zuen Agirrek oraindik ere ez duela "goia jo" bere ibilbide oparoan: "Idazle askoren ibilbidea jarraitu dut; gazte hasten direnek gero eta hobeto idazteko bolada izan ohi dute, eta goia jo ostean beherantz egiten dute. Joxean Agirrek, ordea, ez du goia jo".

Solteroren dantzalekuak nobela "dibertigarria" dela nabarmendu zuen Mendigurenek, eta "gai serioak umorez" planteatzen dituela idazleak. Istorioaren bi garai bereizten dira: 1975. urtea –Agirreren gazte garaia–, eta egungo garaia. Mendigurenen arabera, "bi garaien arteko dantza" da azpeitiarraren nobela.

Robinen itzala

Honela dio liburuaren sinopsiak: "Gaztetan, Deustuko Unibertsitateko ikaslea zela, ikerketa bat egiten ibili zen nobelako protagonista: baserritarrak joan ohi diren diskoteketan zer ohitura zeuden eta horrek maiorazkoak mutilzahar geratzearekin zerikusirik ba ote zuen. Aldi berean, frankismoari kontra egiteko, Erakundean ere sartu zen, harik eta atxiloaldi batean jasotako pasadaren ondoren, borroka gogoak joan eta Iparraldera ihes egin zuen arte. Urteak pasatuta, jubilaziotik gertu dagoen soziologiako irakasle dibortziatua dela, alderdiaren gonbidapena jasoko du lehendakarigai izateko, baina politikariek falta ohi duten xarma moduko bat aitortzen dioten arren, bere iragana nola edo hala apaindu beharra ere gogorarazten diote". 

Agirrek azaldu zuenez, nobela horren abiapuntuak erlazio zuzena du Regine Robin idazlearekin. Hark La mémoire saturée liburua idatzi zuen duela urte batzuk, eta, besteak beste, iraganaz eta memoriaz hitz egiten du bertan, baita Berlingo Harresia eraitsi zutenean lanik gabe gelditu ziren langileez ere; identitate berri bat eman zieten haiei, Alemaniako beste txoko batzuetara eramateko. Ildo horretatik, Solteroen dantzalekuak nobelak Robinen "muina" duela dio Agirrek: "Gure bizitzaren kontakizuna egiten hasten garenean joera dugu pasarte ilunak estaltzeko, borratzeko edo ederragotzeko. Hori ia-ia fenomeno soziologiko bihurtzen da, batez ere diktadurak erortzen direnean; mundu guztia hasten da bere biografiak aldatzen eta egokitzen".

Lehendakarigai baten istorioa

Agirrek azaldu zuenez, nobelaren protagonistari lehendakarigai izateko proposamena egiten diote, eta batzokiz batzoki hitzaldiak ematen hasten da: "Protagonistak badu dohaina jendearekin, baina handicap bat du bere curriculum politikoan. 1975eko salbuespen egoeran atxilotuta egin zituen bi egun, eta Zuberoan egonaldi bat egin zuen. Etapa hori borratu eta bere biografiaren beste bertsio bat egin nahi dute, erabat txukun gelditu dadin". Hortik Robinen nobelarekin Solteroen dantzalekuak liburuak duen antzekotasuna.

Bestalde, Agirrek nobelan bere haurtzaroari buruzko bi kapitulu daudela jakinarazi zuen: "Alde batetik, aitonak egin zuen baserri aldaketa bat agertzen da, exodo bat Aizarnako baserri batetik Azpeitira. Eta, bestetik, umetako eskolako pedagogia sistemari buruzko zati bat". Era berean, nobela "solterotasunaren aldeko diskurtsoa" dela ere nabarmendu zuen Agirrek.