Musika Bandak kontzertua eskainiko du bihar eguerdian

Aritz Mutiozabal 2022ko api. 2a, 10:30

Zarauzko Musika Bandak kontzertua eskainiko du bihar eguerdian, Merkatu plazako lehen solairuan. Obrak direla medio, Kale Nagusiko atea itxita dago, eta bertaratu nahi dutenek Lege Zaharren enparantzatik sartu beharko dute; era berean, igogailua erabilgarri dagoela nabarmendu dute.

Iosu Isastiren zuzendaritzapean, bandak sei pieza eskainiko die herritarrei 12:30ean hasita. Hasteko, A.C. Van Leeuween Broadway; jarraian, Fallo River Overture Robert Sheldonena, eta
Cantabile For Wind Rob Arenena; laugarrena, Ron Sebregthek bandarentzat moldatutako Abba Gold abestia; ondoren, American Folk Rhapsody Clare E. Grundmanek moldatutakoa; eta amaitzeko, Warren Bakerren Gershwin.

Kontzertuak 45 minutu inguru iraungo du, eta Zarauzko Musika Bandak beraiekin musikaz gozatzera gonbidatu nahi ditu herritarrak.