Patxi Zubizarretak Lizardi Saria jaso du bigarrenez

Iñigo Gaiton 2022ko api. 2a, 17:30

Zubizarretaren Zerria liburua saritu du epaimahaiak. Azpimarratu dutenez, liburua "bikain taxutua" dago, eta idazkera "atsegin, gustagarri eta ederrarekin" ondu du testua idazleak. 1991an jaso zuen Lizardi Saria estreinakoz Zubizarretak Matias Ploffen erabakiak liburuagatik, eta hunkituta azaldu da gaurko sari banaketa ekitaldian.

Gaur eguerdian egin da Lizardi Sariaren 40. edizioaren sari banaketa Modelo aretoan. Berrogeita hamar bat lagun bildu dira ordubeteren bueltako iraupena izan duen ekitaldian, eta giro atseginean egin da saioa.

Arantxa Aldalurrek jardun du aurkezle lanetan, eta nabarmendu duenez, aurten ere "irakurzaletasuna eta idazteko afizioa bultzatzeko helburuarekin" antolatu dute sariketa. "41 urte hauetan idazle ezagunak pasatu dira hemendik, baina izen berriei ere egin izan diegu tokia, eta haien lanak nabarmenduta, aukera eman zaie obren kalitatea ezagutzera emateko", azaldu du aurkezleak.

1982an lehen edizioa egin zenetik gaurdaino, Lizardi Sariak "garai berrietara egokitzen" joan dira, eta hausnarketa prozesu baten ondoren, erabaki dute aurrerantzean urtero idazle bati manifestu bat irakurtzeko gonbita egitea. Hala, Leire Bilbao idazleak (Lizardi Saria 2016an, Pikondoaren Alaba liburuari esker), 20 puntuko Literatura gazte baten aldeko manifestua irakurri du jendaurrean.

"Lehen puntua: Haur eta gazte literaturako irakurle, idazle eta entzule eta parte hartzaile guztiek 0tik 99ra urte bitartean dituzte. Bakoitzak erabakitzen du noiz dituen 99 eta noiz 9...", hasi du errezitaldia Bilbaok. Segidan, nabarmendu du haur eta gazte literaturak "harritu" egin behar duela irakurlea, "aho zabalik gauetan, begi zabalik goizetan", eta inoiz kriseilu barruko jenioari desiraren bat eskatzekotan, onena "harritzen jarraitzeko ahalmena" eskatzea litzatekeela adierazi du.

Amaiera aldera, "ume izan ez den zaharrik" ez dagoela ekarri du gogora idazleak, eskaera batekin: "Ez dezagun haur eta gazte literatura gutxietsi".

Idazkera "atsegin, gustagarri eta ederra"
Lizardi Sarien 40. edizioaren epaimahaia Alex Gurrutxagak, Castillo Suarezek eta Kati Olaizolak osatu dute. Gurrutxagak aletu ditu oholtzan Zubizarretaren Zerria liburua saritu izanaren arrazoiak: "Istorio dibertigarriak daude liburuan, baita gertaera gordinak ere; gizakia mugitzen duten hari ilunak azaleratzen ditu testuak. Abenturazko eta intrigazko literaturaren osagaiak ditu", mintzatu da Gurrutxaga.

Irakurleak gai askorekin egingo du topo liburuko orrietan aurrera egin ahala: "Gorpuen kontserbazioa, Kanadako lehiaketa bitxiak, idazle euskaldun zein atzerritarren obrak...". Epaimahaikideak nabarmendu du "oso ondo josiak" daudela liburuaren hiru atalak, eta testua "dotore" idatzia dagoela, Zubizarretaren lanetan "ohikoa" den bezala.

"Idazkera atsegin, gustagarri eta ederrarekin" ondu du liburua idazleak, Gurrutxagaren hitzetan. Sakonago joanez, idazleak "gizatasunaren eta animaltasunaren inguruko gogoeta bat" planteatzen die 13tik 17 urte bitarteko irakurleei Zerria lanaren bitartez. Gazteei zuzendutako argitalpena izan arren, ekitaldian azpimarratu dute helduek ere gozatzeko modukoa dela.

"Orduko poz berarekin jaso dut saria"
Zubizarretak 1991n jaso zuen lehen Lizardi Saria, eta oholtzan azaldu duenez, "orduko ilusio berarekin" jaso du aurtengoa ere. Bere ibilbidean mugarria izan zen lehen sari hura, bere bizitza idaztera bideratzeko bultzada eman ziolako, eta orain, hiru hamarkada pasatu ondoren, "orduko poz berarekin" mintzatu da Zarautzen.

Gaurko ekitaldiari erreferentzia eginez, adierazi du "oso ederra" dela "literatura festarekin uztartzea", eta esker oneko hitzak izan ditu antolakuntzarentzat, gazteen artean literatura sustatzeko egindako ahaleginagatik: "Haurrentzat oso gauza ederrak ditugula esango nuke, baina nire inpresioa da gazteekin ez dugula asmatzen".

Idazleak Antton Olariagarekin batera plazaratu du Zerria, "zirkulua ixteko", eta gaur ondoan izan du ilustratzailea. Izan ere, Matias Ploffen erabakiak liburuan ere elkarrekin jardun zuten, eta pozik agertu dira biak oholtzan. 

Olariagak zoriondu egin nahi izan du Zarauzko Udala, "sortzaileak langileak direla errekonozitzeagatik". Ildo berean, azpimarratu du pozgarria dela antolakuntza berriak haien alde egindako lana. Zubizarretari ere eman dizkio eskerrak, "nirekin gogoratzeagatik".

Ekitaldian zehar ez da musikarik falta izan, eta han elkartutako lagunek Ainhoa Garayar biolin joleak jotako hiru abestiz gozatzeko aukera izan dute.

2022ko edizioa martxan
Zarauzko Udalak jarri du martxan Lizardi Sarien 41. edizioa. Lehiaketara aurkezten diren testuek 7 eta 12 urte bitarteko irakurleei bideratutakoak izan behar dute, 22.o00 eta 34.000 karaktere bitarteko luzerarekin. Jatorriz euskaraz idatzitako lanak onartuko dituzte soilik, originalak, beste lehiaketetan saritu gabeak.

Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Kultura zinegotziak lehiaketan parte hartzera gonbidatu ditu "idazleak eta idaztea atsegin duten guztiak". Urbietaren hitzetan, Zarauzko Udalarentzat "harribitxia" da Lizardi Saria, eta azpimarratu du ahalegina egiten dutela "mimoz eta begirunez" zaintzeko.

Datorren astelehenetik aurrera, zarautz.eus webgunean argitaratuko dituzte 2022ko sariketan parte hartu ahal izateko zehaztasun guztiak.