Halterofiliako Gipuzkoako Txapelketa Absolutoa jokatuko dute larunbatean

Elena Marguello 2022ko api. 7a, 18:00

Gipuzkoako hiru klubetako 45 pultsolari arituko dira lehian, eta hiru txanda egingo dituzte, 15:30ean, 17:00etan eta 18:30ean. Sari banaketa, berriz, 20:00etan egingo dute.

Larunbat arratsaldean, halterofiliako Gipuzkoako Txapelketa Absolutoa jokatuko dute Aritzbatalde kiroldegiko pelotalekuan, ZKE Halterofiliak antolatuta. Gipuzkoako hiru klubetako 45 pultsolari arituko dira lehian, horietatik 19 herriko halterofilia taldekoak izango dira, eta Euskadiko txapelketarako sailkapena erabakiko dute bertan.

Hiru txanda jokatuko dituzte txapelketan: lehenengoa 15:30ean izango da eta mutilek jokatuko dute, bigarren txanda neskena izango da eta 17:00etan hasiko da, eta hirugarrengoan berriro mutilen txanda izango da, 18.30ean. Sari banaketa, berriz, 20:00etan izango da.

ZKE Halterofiliako entrenatzaileak baikor daude "azken asteetako entrenamendu gogorraren" ondoren, eta urteko helburua Espainiako txapelketan sailkaturen bat izatea dela adierazi dute. Sarrera doakoa izango da, eta pertsona oro "animatu" nahi dute "Gipuzkoako pultsolari onenen lehiaketa ikustera".