Osinalde Sariko seikoa erabakita gelditu da, eta tartean da Aner Peritz

Aitziber Arzallus 2022ko api. 13a, 12:44

Apirilaren 23an Gabirian jokatuko dute Osinalde Sariaren 50. edizioaren finala, eta zarauztarrak parez pare izango ditu Ane Zuazubiskar, Unai Izagirre, Xabat Illarregi, Oihana Arana eta Aitor Tatiegi.

Kanporaketa guztiak jokatuta, Osinalde Sariaren 50. edizioak baditu finalistak. Horrenbestez, Aner Peritzek badaki nortzuk izango dituen aurrez aurre apirilaren 23an Gabirian egingo duten saioan.

Zarauztarrak apirilaren 2an eskuratu zuen Osinaldeko finalerako txartela, Legazpin jokatu zuten bertsolari gazteen Aztiri Bat Sarian bigarren egin ostean. Unai Izagirre azkoitiarrak irabazi zuen kanporaketa hura, eta biek lortu zuten finalerako pasea. 

Ordurako Ane Zuazubiskar eta Oihana Arana sailkatuta zeuden Ordizian jokatutako kanporaketatik, eta pasa den asteburuan Zalbidian jokatu duten kanporaketan —Osinberde Saria—, azken bi finalistak erabaki dira: Xabat Illarregi eta Aitor Tatiegi. Beraz, apirilaren 23an Gabirian ariko den seikoa erabakita gelditu da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko salduta daude finalean afaritarako sarrera guztiak.