Ikusgai dago Errepublika garaiko hainbat emakumeri buruzko erakusketa

Aitziber Arzallus 2022ko api. 13a, 13:33

Erakusketa hilaren 19ra arte egongo da ikusgai, Torre Luzea parkean eta Belauntzaran plazan. Horrez gain, gaur, 20:00etan hasita, Frederica Montseny, la dona que parla filma emango dute Modelon. Udalak antolatutako ekitaldiak dira, "urte luzez ixildu dituzten emakumeei ikusgarritasuna emateko".

1931ko apirilaren 14an Espainiako Estatuan errepublika aldarrikatu zuten, eta urteurrenaren bueltan, Errepublika garaiko emakumeei aitortza egiteko hainbat ekitaldi antolatu ditu Zarauzko Udalak, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziaren hitzetan, "urte luzez ixildu dituzten emakumeei ikusgarritasuna emateko".

Ekitaldi horietatik aurrena, atzo izan zen. Hain zuzen ere, Camino Oscoz liburua aurkeztu zuten udaletxeko pleno aretoan, Joseba Ezeolaza egilea bertan zela. Bigarrena, gaur arratsaldean izango da: Frederica Montseny, la dona que parla filma emango dute Modelon, 20:00etan hasita. Eta hirugarrena, hilaren 19ra arte Torre Luzea parkean eta Belauntzaran plazan ikusgai egongo den erakusketa bat da. Errepublika garaiko hainbat emakume dira erakusketa horren protagonistak.