Aritz Aranburu: "Gaztetxoek dena eman zuten; ezin da gehiago eskatu"

Onintza Lete Arrieta eta Aitziber Arzallus 2022ko api. 13a, 17:56
Aritz Aranburu, joan den larunbatean, Zarauzko hondartzan. (Onintza Lete Arrieta)

Asteburuan, Aritz Aranburu surflariak eta Shelter Surf eskolak antolatuta, Zarautz 4Teens surf egokituko eta 14 urtetik beherakoentzako surf txapelketak jokatu zituzten Borghetto parean, eta lehiaren bueltan, bestelako hainbat ekitaldi ere gauzatu zituzten. Itsasoa, eguraldia eta parte hartzaileen jarrera, dena alde izan zutela nabarmendu du Aranburuk. Ikusi sailkapenak nola gelditu ziren, kategoriaz kategoria.  

Aritz Aranburu surflariak eta Shelter Surf eskolak antolatuta, Zarautz 4Teens txapelketaren seigarren edizioa jokatu zuten asteburuan Borghetto parean. Surf egokituko eta 14 urtetik beherakoentzako txapelketaren bueltan, baina, bestelako jarduerak eta ekitaldiak ere egin zituzten: jasangarritasunak duen garrantziaz jabetzeko gaztetxoentzako tailerrak, ingurumenari buruzko ginkana, skate erakustaldia... Eta zuzeneko musikak ere izan zuen lekua: Martin de Martek kontzertua eman zuen larunbat iluntzean.   

Asteburuak emandakoarekin "oso gustura" daudela ziurtatu du Aranburuk, dena alde izan zutela. "Olatuek eta eguraldiak asko lagundu ziguten, eta gaztetxoek dena eman zuten; horrek ematen du poz handiena. Familia giroan datza surfa, eta horri gehituz gero txapela irabazteko parte hartzaileak erakutsi zuten gogoa... Ezin da gehiago eskatu. Maila oso altua ikusi genuen hasieratik, bai zarauztarren artean, bai kanpotik etorritakoen artean; oso lehia polita. Harrobi oso ona dago, eta merezi du txapelketa antolatzeak beraientzat".

Sailkapenak

Honela gelditu ziren txapelketako sailkapenak, kategoriaz kategoria:

14 urtetik beherako mutiletan:

  1. Dylan Donegan
  2. Alvaro Casanova
  3. Makoa Gomez
  4. Alejo Valido

14 urtetik beherako nesketan:

  1. Nora Alvarez
  2. Carla Morera
  3. Adriana Hidalgo
  4. Ane Loreiro

Surf egokituan, mutiletan:

  1. Unax Esnaola
  2. Markel Ugarte

Surf egokituan, nesketan:

  1. Mireia Cabañes
  2. Ayala Garcia

10 urtetik beherakoetan, taldeka:

  1. Nahia Calderon, Gael Rivera eta Lukas Iribar