Ramon Serras omendu du Photomuseumek Argazki Bileran

Juan Luis Romatet 2022ko api. 14a, 15:00

Urteroko legez, Zarauzko Photomuseumek 2022ko Argazki Bilera antolatu du Aste Santuarekin batera. Aurtengo edizioa berezia izango da eta osorik Ramon Serras argazkilari zarauztarrari eskaini diote. "Edizio hau gure Ramon lagun minari egindako omenaldi sentitua da, argazkizale amorratuari", azpimarratu dute antolatzaileek.

Urtero antolatzen du Photomuseumek ekimen hau, hiru egoitzatan banatuta: Photomuseum bertan, Sanz Enean eta Torre Luzean. Aurreko urteetan argazkilari desberdinen lanak erakutsi dituzte; aurten, baina, iaz zendu zen Ramon Serras argazkilari zarauztarraren lanekin osatuko dute oso-osorik erakusketa hau.

Bere lanik esanguratsuenak erakutsiko dituzte Argazki Bilera honetan, antolatzaileek azaldu dutenez. "Azken finean, bere obra zabal eta oparoaren erakusleihoa da", nabarmendu dutenez.

Photomuseum, Sanz-Enea eta Torre Luzea aretoetan ikusgai dauden erakusketek "bere bilduma emankor eta askotarikoaren zati bat" direla azaldu dute. "Bertan aurki daitezke XIX. mendeko prozedurekin egindako argazkiak (estenopeikoak) eta bere garaikoak (cibachrome, argazki panoramikoak, polaroid-ak). Argazkilari urduria zen, eta argazki-prozesu ugari ikertzen eta esperimentatzen jakin zuen".

Gaiari dagokionez, antolatzaileen esanetan, "genero fotografiko tradizionalak, hala nola, erretratua, paisaia, natura edota natura hila, maisuki garatu zituen. Era berean, Ramon modernoagoarekin topo egiten dugu erreportari lanetan dabilenean, kaleko edo eguneroko bizitzako irudiak islatzen dituenean".

Bere irudiek erakusketa ugari osatu zituzten, banakakoak zein kolektiboak, bere Zarautz maitetik abiatuta, areto eta herrialde askotan ikusgai egon zirenak. Argazkilari autodidakta izan zela azaldu dute antolatzaileak. "Berak aurre egin behar izan zien gabeziak ez errepikatzeko ahalegina egin zuen bere inguruko argazkilarien belaunaldi berriei laguntzeko asmoz. Hori dela eta, Zarauzko Argazkizale Elkartea/Sociedad FotogrAfica de Zarautz erakundearen sorrera bultzatu zuen eta bertako lehen lehendakaria izan zen. Gainera, Zarauzko Photomuseumaren sortzaileetako bat izan zen".

Aretoak eta ordutegiak

Photomuseum (San Inazio 11)

2022/04/12-2022/05/22

10:00-14:00 eta 17:00-20:00, asteartetik igandera bitartean.

Apirilak 18 astelehena zabalik

Sanz Enea (Nafarroa kalea 22)

2022/04/12-2022/05/29

18:00-20:00, egunero

Torre Luzea (Kale nagusia 28)

2022/04/12-2022/05/22

18:00-20:00, egunero