Bihar eta etzi alebin eta infantil mailetako futbol txapelketak jokatuko dituzte Astin

Aitziber Arzallus 2022ko api. 14a, 13:30

Bihar, 09:30etan hasita, alebin mailako mutilek XVI. Jose Angel Iribar Txapelketa jokatuko dute, eta 15:00etan hasita, infantil mailako neskek III. Emakumezkoen Txapelketa. Larunbatean, berriz, 09:00etan hasita, XXIV. Gonzalo Urkia Txapelketa lehiatuko dute infantil mailako mutilek. Astira bertaratzeko asmoa duten zarauztarrei oinez, bizikletaz edo urbanoan joateko eskatu diete antolatzaileek. 

Futbola gustuko dutenek, badute biharko eta etzirako plana, alebin eta infantil mailetako hiru futbol txapelketa jokatuko baitituzte Asti futbol zelaian: alebin mutilen XVI. Jose Angel Iribar Txapelketa, infantilen mailako III. Emakumezkoen Txapelketa eta infantil mutilen XXIV. Gonzalo Urkia Txapelketa.

Lehiari ekiten aurrenak alebin mailako mutilak izango dira, 2010ean jaiotakoak hain zuzen. Horiek bihar 09:30etan hasiko dira XVI. Jose Angel Iribar Txapelketa jokatzen. Denera hamasei taldek parte hartuko dute, eta lau multzotan banatuta ekingo diote lehiari. Talde hauek parte hartuko dute: Zarautz (A, B eta C), Andoaingo Euskalduna, Lekeitio, Ordizia, Reala, Aretxabaletako UDA, Ondarroako Aurrera, Athletic, Donostiako Lengokoak, Errenteriako Touring, Oiartzun, Zumaiako, Orioko eta Zizurkilgo Danena.

Arratsaldean, infantil mailako nesken txanda izango da, 2008an eta 2009an jaiotakoena hain zuzen. 15:00etan hasita, III. Emakumezkoen Txapelketa jokatuko dute horiek. Hamabi taldek parte hartuko dute, eta seiko bi multzotan banatuta hasiko dute lehia. Jokatuko duten taldeak, hauek: Zarautz (A eta B), Reala, Tolosa, Irungo Mariño, Azpeitiko Lagun Onak, Zumaiako, Arnedo, Goierri Gorri, Orioko, Debako Amaikak Bat eta Martutene.

Igandean, berriz, infantil mailako mutilak —2009an jaiotakoak— ariko dira nor baino nor XXIV. Gonzalo Urkia Txapelketan. 09:00etan hasiko dute lehia, hamabi taldek, hiruko lau multzotan banatuta. Talde hauek parte hartuko dute: Zarautz (A eta B), Reala, Andoaingo Euskalduna, Baztan, Elgoibar, Ondarroako Aurrera, Zumaiako, Donostiako Lengokoak, Lekeitio, Orioko eta Arnedo.

Oharra zarauztarrei

Bihar eta etzi Astira jende ugari bertaratuko dela aurreikusten dute antolatzaileek, eta zarauztarrei eskatu diete oinez, bizikletaz edo urbanoan joateko partidak ikustera, aparkatzeko arazoak gutxitzeko helburuarekin.