Axen eta Joxe Mari anaiak nagusi, XX. Garagardo Azokako Mus Txapelketan

Aitziber Arzallus 2022ko api. 16a, 09:30

Gaur herri bazkaria egingo dute Munoako karpan, baina dagoeneko ez da gelditzen txartelik. Iluntzean, 22:00etan hasita, Kenbat taldeak kontzertua emango du.

Zarauzko XX. Garagardo Azoka ere badoa aurrera, eta giro ezin hobean gainera. Atzo, urtero bezala, Mus Txapelketa egin zuten arratsalde partean, eta Axen eta Joxe Mari anaiek osatutako bikotea izan zen denetan onena. Txapelaz eta diru sariaz gain, beren altuera garagardo kaxetan irabazi zuten. Neurketa egin zuten unea, bideoan ikusgai. 

Gaur, herri bazkaria egingo dute Munoako karpan. 250 lagunentzat lekua prestatu dute, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko ez da bazkaritarako txartelik gelditzen; azoka hasterako saldu zituzten guztiak. Iluntzean, berriz, 22:00etan hasita, Kenbat taldeak kontzertua emango du. 

Dena dela, herri bazkarian ez bada ere, oraindik bada Garagardo Azokaz gozatzeko aukerarik, astelehen iluntzerarte zabalik izango baita. Egunero, 13:30etik 15:30era,  haurrentzako txokoa egoten da begiralez lagunduta. Afaltzeko guneari dagokionez, bi txanda egoten dira: bata, 20:30etik 22:00era, eta bestea, 22:00etik 23:30era. Mahaia egunean bertan erreserbatu behar izaten da, pertsonako hamar euro kontsumitzearen truke.