Aurtengo bainu denboraldia, erabilera eta edukiera mugarik gabekoa

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 19a, 09:00

Ezkerretik hasita, Zumaiako, Orioko, Getariako eta Zarauzko ordezkariak Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren azalpenak entzuten (Argazkia: Xabi Txurruka)

Gipuzkoako Hondartzetako Lurralde Mahaiak joan den astean egin zuen bilera, eta horixe erabaki zuten han. Ohi bezala, ekainaren 15etik irailaren 15era izango da bainu denboraldia. Bileran izan ziren Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako alkateak.

Gipuzkoako Hondartzetako Lurralde Mahaiak aurreko astean egin zuen bilera aurtengo hondartza denboraldiaz. Hori ekainaren 15ean abiatuko da eta irailaren 15era arte egongo da indarrean. Urteroko datak dira horiek, baina aurten, aurreko bi urteetan ez bezala, pandemiaren inguruko neurririk ez hartzea erabaki du aldundiko mahai horrek. Hala, erabilera mugarik eta edukiera kontrolik ez da egongo aurten lurraldeko hondartzetan.

Dena den, Hondartzen Mahaiak erabaki zuen Nik Hondartzak aplikazioa "zerbitzu publikoko tresna gisa" mantentzea. Beraz, hondartzetako erabiltzaile kopuru eta edukierari buruzko informazioa jasotzen jarraituko du. Aplikazioa erabilera berriekin osatuko du aldundiak. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak gogorarazi duenez, "2020. urtean pandemia betean abian jarritako aplikazioak 55.000 deskarga eta 900.000 kontsulta izan ditu, eta funtsezko tresna izan da aforoak eta edukiera kontrolatzeko eta beharrezko prebentzio neurriak ezartzeko".

Asensioren esanetan, "pandemian zehar, hondartzen kudeaketa bikaina eta koordinatua egin da, eta hartu diren okupazio eta prebentzio neurri egokiek ahalbidetu dute COVID-19aren egoera zailaren aurrean kutsadurarik ez izatea".

Bileran izan ziren Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako alkateak.

Bestelako zerbitzuak

Bestalde, Asensiok jakinarazi zuen Ingurumen Departamentuak ikerlan bat jarriko duela abian, Gipuzkoako kostaldean Ostreopsis alga toxikoen jarraipena egiteko eta lurraldean izan dezakeen eraginari aurrea hartzeko. "Mikroalga horiek eragina izan dezakete giza osasunean, eta gure kostaldean agertzen hasi dira, klima aldaketak ozeanoetako tenperatura igoarazi duelako. Horregatik, jarraipena egiteko aldez aurreko neurriak aktibatuko ditugu, klima aldaketak eragindako egoera berri bat arrakastaz gainditzeko eta une oro gure herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko".

Horrez gain, gaiako bilketa "errazteko" hondartzetan gaiako edukiontziak jarriko ditu "garbiketa eta sortzen diren hondakinen kudeaketa jasangarria ahalik eta gehien zaintzeko". COVIDaren aurrean "segurtasun neurriak areagotzeko", pedal bidez irekitzen diren paperontziak mantenduko ditu, edukiontziak ukitzea sahiesteko.

Azkenik, aurten kartel bateratu bat diseinatuko du aldundiak hondartza guztietarako. Karteletan hondartzak erabiltzeko arau zibikoak jasoko dira. Horrez gain, sentsibilizazio kanpainak egingo dira hondartzan bertan. Kanpaina horiek zaborren bereizketa egokia eta zabor gutxiago sortzea bultzatzeko izango dira. Horrez gain, Asensiok azaldu du "kanpaina solidario eta humanitario bat egiteko ideia" ere badutela.