Garagardo Azokaren ostean ere boletoak saltzen jarraituko du Zarautz Rugby Taldeak kluba indartzeko

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 18a, 16:39

2019ko zozketako txartel bat

Gaur 20:00etan itxiko ditu ateak Munoan dagoen Garagardo Azokak, baina errugbi klubak lanean jarraituko du kluba sendotzen. Hala, boletoak erosteko aukerak zabalik segituko du datozen egun eta asteetan ere. Euro baten truke sari ederrak irabaz daitezke, gainera. Erosketa ere erraz-erraz egin daiteke, Whatsapp bidez eskaera eginda eta ordainketa Bizum plataformatik eginda.

Sari mordoa du prest Zarautz Rugby Taldeak klubaren aldeko boletoak erosten dituenarentzat. Zozketa ekainaren 11n egingo dute eta zenbaki sarituen berri beren sare sozialetan jakinarazi. Bitartean, boletoak eskuratzeko erraztasunak ematen ari dira, horiek Whatsappez eskatzea dagoelako 661 14 50 43 zenbakira idatzita, eta Bizum bitartez egin daitekeelako ordainketa.

Sarien artean daude Zurekin elkarteko saltokietan gastatzeko 300 euroko bonoa; asteburu pasa Barcelo Bidaiak agentziaren eskutik; Orioko Mola Mola tabernan bi lagunentzako gosaria eta bazkaria edo afaria, eta katilua; eta beste hainbat sari.