Zarautz Rugby Taldea: "Mila esker bai gozatzera, bai lanera etorritako guztioi"

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 20a, 09:00

XX. Garagardo Azokako "datu definitiboak" esku artean izan gabe, "lehen balorazioa oso positiboa da" herriko errugbi klubarentzat.

Pandemiagatik bi urtez ezin izan dute Garagardo Azoka antolatu, eta aurtengoan lanerako "gogotsu" ziren Zarautz Rugby Taldekoak. Apirilaren 13tik 18ra egin da jan-edan festa Munoan, eta biharamunean, "datu definitiboak izan gabe, lehen balorazioa oso positiboa da", azaldu dute klubeko arduradunek. "Jendea oso gustura egon da eta mugimendu handia izan da azokan egunero, baita eguerditan ere".

"Bi urte azokarik gabe egon ondoren, nabari zen jendea gogotsu zegoela eta, nahiz eta lan karga handia izan errugbi taldekoentzat, oso gustura egin dugu lan", azpimarratu dute.

Klubak bihotzez eskertu nahi du, gainera, denen parte hartzea: "Mila esker etorritako denei, bai gozatzera etorri zaretenoi, baita lanera etorri zaretenoi ere!".