Igandean jokatuko da XVII. Pagoeta Mendi Lasterketa

Julen Imaz-Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 20a, 08:30

Salbatore Mitxelena Ikastolak antolatzen duen proba aurkeztu dute ikastolan bertan. Bi urtez pandemiagatik jokatu gabe egon ondoren, korrikalarien artean "oso harrera ona" izaten ari dela eta izena askok eman dutela azaldu dute. Ohi bezala, bi ibilbide jarri dituzte aukeran: 21 kilometroko ibilbide nagusia, eta 8 kilometroko ibilbide mistoa.

Igande honetan, apirilak 24, jokatuko da XVII. Pagoeta Mendi Lasterketa. Ohi bezala, bi ibilbide egiteko aukera izango dute korrikalariek: zortzi kilometrokoa bat, lasterketa mistoa, hau da, neska-mutilez osatutako bikoteka egiteko; eta 21 kilometroko ibilbide nagusia, bestea.

Ibilbide nagusiko korrikalariak aterako dira aurrenak Klabelinsoro kaleko irteera puntutik, 09:30ean, eta proba mistoa, 09:45ean. Helmuga kiroldegiaren aurrean izango da, eta dortsalak gaurtik jaso daitezke Mas por Menos dendan. Egunean bertan, 08:00etatik aurrera hartu ahalko dira dortsalak.

Izena oraindik eman ez duenak horretarako aukera dauka www.rockthesport.com webgunean. Informazio gehiago nahi duenak, berriz, Pagoeta Mendi Lasterketaren webgunera jo dezake.

Bi urteko etenaren ondoren, lasterketa "harrera oso ona" izaten ari dela nabarmendu dute proba aurkeztean Salbatore Mitxelena Ikastolako ordezkariek. Monika Aranburuk, Gari Urdanpilletak eta Maialen Sorreluzek eman dituzte xehetasunak, eta azaldu dute korrikalari askok eman dutela izena dagoeneko; ia 1.000 lagunek 21 kilometroko probarako, eta ia 300ek proba mistorako.

"Proba mistoa oso egokia da mendi lasterketetan aurreneko pausoak emateko", azpimarratu dute. Izan ere, desnibel gutxiko ibilbidea dela esan dute, eta ez daukala zailtasun teknikorik. "Ariketa fisikoa erregularki egiten duen edonork burutzeko modukoa da".

21 kilometroko ibilbideaz, esan dute ibilbide zirkularra dela eta bi zati nagusitan banatzen dela: goiko zatia, Pagoetako gurutzea eta Murukil tontorrerainokoa, eta behekoa, Pagoetako Parke Naturaletik igarotzen dena. Hiru orduko denbora muga ezarri dute proba hori egiteko, eta horregatik, "ez da gomendagarria hasiberrientzat".

Antolatzaileek eskerrak emateko tartea ere izan dute: "Eskerrak eman nahi dizkiegu Zarauzko Udalari, eskaintzen digun laguntza eta babesagatik; baserritarrei, beraien lurretatik pasatzen uzteagatik; eta eskertu nahi ditugu probari ekarpena egiten dioten enpresa guztiak, batez ere babesleak, hau da, Izeta sagardotegia, Ameztoi eta Bikain group". Boluntarioen lana ere nabarmendu nahi izan dute: "Horien laguntzarik gabe ez dago proba hau antolatzerik".

Sari bereziak errekorrak hausteagatik

Aurreko aldietan bezala, antolakuntzak aurten ere sari berezia emango dio –ohiko sariez gain– ezarritako marka hausten duen korrikalariari. Gizonezkoetan Ismael Razgak dauka marka, 01:32:37 denborarekin. Emakumezkoetan, Ainhoa Jauregirena da errekorra, 01:59:05 denborarekin.

"Dena den, probaren izaera herrikoia mantendu nahi dugu, eta horregatik, korrikalari guztiek kamiseta bana jasoko dute, baita jaki goxoz osatutako poltsa bat ere". Hainbat opari zozkatuko dituzte partaide guztien artean, eta helmugan "hamaiketako ederra" eskainiko diete korrikalariei zein ikusleei.

Paisaiaz eta naturaz gozatzeko proba

Antolatzaileek nabarmendu duten beste puntua paisaia eta naturarena izan da. "Mendiaz erabat disfrutatzeko aukera ona da, proban etengabe igaro beharko baitira errekak, basoak eta zelaiak. Aukera ona da Zarautz eta Aia inguruko bideak eta bazterrak ezagutzeko ere".

Bestalde, gogorarazi dute proba nagusia Pagoetako babestutako eremu berezitik igarotzen dela 7. eta 17. kilometroen artean; horregatik, errespetuz jokatzea eskatu diete korrikalariei zein ikustera joaten diren herritarrei.