Azken Zarata Dantza, gaur hasi eta hiru egunez

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 21a, 11:00

Managaitz taldea.

Putzuzulo gaztetxean zuzeneko musika izango da protagonista nagusia gaur, bihar eta etzi. Hemeretzi talde, eta bi DJ igoko dira oholtzara, eta azken egunean, larunbatean, bertan afaltzeko aukera ere izango da.

Putzuzulo Gaztetxian Azken Zarata Dantza. Halaxe dio egitarauarekin argitaratu duten kartelak. Gaur –osteguna– hasi eta larunbatera arte, hemeretzi talderen eta bi DJren musikarekin gozatzeko aukera izango dute Putzuzulora bertaratzen direnek.

20:00etan izango dira gaurko eta biharko hitzorduak, eta 18:00etan, berriz, larunbatekoak. Azken egun horretan izango da kontzertu gehien, hamar talde eta DJ batekin.

Gaur Marmol, Oki Moki, Arrotzak eta Mate taldeak entzuteko aukera egongo da, bost euroren truke. Sarrerak momentuan bertan jarriko dituzte salgai egun guztietan.

Bihar, ostirala, Flyshit, Viafara, Optika, Ginger, Reclusion eta DJ Parrandaren txanda izango da. 7 euroan jarriko dituzte sarrerak salgai.

Larunbatean, azkenik, Metralleta, Uther, Pottors ta Klito, Dizerdit, Ernia, Hilkar, Nize, Managaitz, Peedoh, Katastrofe eta Susu MJ izango dira oholtza gainean.